Jean Pierre Duvoisin
TELEMAKE ULIZEN SEMEAREN GERTAKUNTZAK
Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:
http://armiarma.com/liburu-e
Iturria: Telemake: Ulizeren semearen gertakuntzak, François de Salignac de la Mothe Fénelon / Jean Pierre Duvoisin (Eli Kruzetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1997
http://klasikoak.armiarma.com/
Egileari buruzko informazioa:
http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00287.htm
LEHENBIZIKO LIBURUA
Kalipzok etzezakeien sosegurik aurki Ulize goanez geroztik. Bere atsekabean, ezin hiltzea zen haren hiragarri. Haren egoitzan etzen gehiago entzuten haren kantua. Zerbitzatzen zuten ninfak etziren hari mintzatzera menturatzen. Ardura paseatzen zen bakar-bakarra sorropil liliz estalietan, zoinez beti irauten duen uda-berri batek inguratzen baitu haren irla. Bainan leku eder heiek, urrun gozatzetik haren oinazea, mintzen baizik etzioten Ulizen orroitzapen erdiragarria, zoina hanbat orduz han ikusi baitzuen bere aldean. Maiz geldi-geldia egoten zen itsas bazterrean, zeina bustitzen baitzuen bere nigarrez, eta beti itzulia zagoen Ulizen untzia itsaspean begietarik galdu zuen aldera.
Bet-betan ikusten ditu pesiak hautsirik heldu zen untzi baten porroskak, sakeren alkiak puskatuak, arrauak hor hemenka legarraren gañean, lema bat, masta, soka batzu itsas bazterrean igeri. Gero ikusten ditu bi gizon. Batek adinekoa iduri zuen, bertzea, gazte izanagatik, Ulizen kidekoa zen. Han zuen haren eztitasuna, haren bekokia, haren haltura, haren ibiltze superra. Jainkosak ezagutu zuen Telemake zela, gizon handi haren semea, bainan, jainkoen ezagutza gizonena baino hainitz urrunago hedatzen den arren, ezin asmatu zuen nor zitakeien Telemakekin zen gizon espantagarri hura, zeren jainko handienek apalagoei nahi dituzten guziak gordetzen diotzaten, eta Minerba, zeinak Telemake laguntzen baitzuen Mentorren iduriaren azpian, etzuen Kalipzoz ezagutu izan nahi.
Bizkitartean, Kalipzo bozten zen estrapu batez zoinak bere irlan emaiten baitzioen Ulizen semea, hain bere aitaren iduria. Hurbiltzen da harengana, eta, alegia ez-jakin nor zen, erraiten dio:
— Nondik heldu zaitzu ene irlan leihorreratzeko aski atrebentzia? Jakin zazu, arrotz gaztea, ez dela ene erresumara nihor ausartatzen non ez den gaztigatua.
Ahal-bezenbat solas mehatxagarri horietaz gordetzen zuen bihotzeko bozkalentzia, zeina bere nahigabez ahurpegian agertzen baitzaioen. Telemakek ihardetsi zioen:
— Oi zu, nornahi izan zitezin heriotzearen azpiko edo nausi, iduriaren arabera jainkosa batentzat baizen ezin hartua izanagatik, ez ote zare ukitua izanen seme baten dohakabetasunaz, zeinak bere aita haizeen eta itsasoen gogara billatzean, ikusi baitu bere untzia zure harkadien kontra porroskatua?
— Zein da bada billatzen duzun aita hura? —dio jainkosak.
— Ulize deitzen da —ihardesten du Telemakek—. Hamar urte iraun duen setio baten ondoan, Troiesko hiri famatua herraustu duten erregetarik bat da. Haren izena Grezia eta Asia guzian aipatua izan da, haren balentziaz guduetan, eta oraino gehiago haren zuhurtasunaz bilzarretan. Orai, itsasoen hedadura guzian erabilia, iragaiten ditu uhurperik lazgarrien guziak. Iduri du haren sor-lekuak ihes dabilala haren aintzinean. Penelopa haren emazteak eta nik haren semeak, haren berriz ikustea etsitu dugu. Hura jakin nahiz non den, haren lanyer berekin nabila. Bainan, zer diot? Menturaz orai itsasoetako leze izigarrien zolan ehortzia dago. Urrikal zaite gure dohakabetasunei eta, oi jainkosa, balin badakizu Ulizen salbatzeko edo haren galtzeko dohamenek zer egin duten, otoi, jakintsun eragizu Telemake haren semea.
Espantitua Kalipzo eta ukitua ikusteaz hain gaztetasun handian hanbat zuhurtzia eta mintzatzeko dohain, etzezakeien begiak ase hari beha, eta bazagoen ixil-ixila. Azkenean erraiten dio:
— Telemake, ikasiren derautzugu zer gertatu zaion zure aitari. Bainan luze da kondatzeko. Zure neke guzietarik hats-hartzeko ordu da. Zato ene egoitzara. Han errezibituren zaitut ene semea bezala. Zato, izanen zare ene gozagarria leku bertze guzietarik aldaratu huntan, eta eginen dut zure zoriona baldin jakiten baduzu hartaz gozatzen.
Telemake jarrikitzen zitzaioen jainkosari, ninfa gazte multzu batez inguratua, zeinen gainetik buru guziaz altxatzen baitzen, hala nola oihanean haritz handi batek bere adar lodiak heltzen baititu inguratzen duten zuhaitzen gainetik. (...)
Heltu ziren Kalipzoren egoitzako atera, zeinetan Telemake espantitu baitzen ikusteaz arrontasun baten itxuraren azpian begiak askies dezaketen guziak. Han etzen ezagun ez urre, ez zillar, ez marmola, ez harroñ, ez erretaula, ez gizon molde. Harpe hura gerendan argindua zen, bobedaka, denak harri pollit eta maxkorrez beteak; mahats gazte batek bere laira zaluak bardin alde guzietara hedatzen zituen. Haize amoltsuek, iguzkiaren erregarriengatik leku hartan beiratzen zuten hozgune goxo bat. Amarantaz eta bioletez estali pentze batzu behera azantz eme batekin zoazen iturri batzuek egiten zituzten asko lekutan mañha toki batzu bridioa bezen garbiak eta arrasoak. Mila lore sortu berriak hedatuak ziren harpe hura inguratzen zuten sorropil ferdetan. Han edireiten zen oihan bat urre sagarrak ekartzen dituzten zuhañ flokatsu hetaz egina, zeinen lorea tenore guzietan berritzen denak, berduratzen baitu usain guzietarik goxoena. Oihan harek iduri zuen sorro eder hek koroatzen zituela, eta egiten zuen ilhun bat iguzkiaren arraioek zilla ahal etzezaketena. Han etzen behin ere entzuten xorien kantua baizik, edo azantza, harroka baten gainetik zarrapoz beterik punpullaka erortzean egiten zuena ur-hox batek, zeinak pentzea barna ihes egiten baitzuen.
Kalipzoren harpea goihen baten ixurian zen. Hantik ezagun zen itsasoa, aldiz mirail bat bezain arrasoa eta bardina, aldiz zoro baten pare, harri peñen kontra muthiritua, zeinetan, bere tirainak mendiak bezala altxatuz, orroz lehertzen baitzen. Bertze alde batetarik ageri ziren hibai bat eta haren erdian irla batzu, tillul loratuz eta burzuntz luzez inguratuak, zoinen kapeta superrak altxatzen baitziren hodoietaraino. Irla hoik ibentzen zituzten ur-errekek iduri zuten elgian dostatzen zirela. Batzuek beren ur argiak lasterrekin botatzen zituzten, bertze batzuen ura hila eta nagia zen. Zonbait, inguru luze batzu gaindi, heldu ziren gibelat, beren ithurburura bihurtzeko bezala, eta etzuten iduri utz zeiela hegi xarmagarri hek. Urruntik ezagun ziren goihen eta mendi batzu hodoietan galtzen zirenak eta zoinen bilgura pollitak begien miresgarri baitziren. Aldeko mendiak aihen ferdez estaliak ziren, bihurguneka dilindan zaudenak. Mahatsa, purpura baiño distirantagoa, hostopean ezin gorde zaiten, eta bere fruituaz hondoa lehertua zen. Pikoak, mingranak, oliberak eta bertze zuhañ guziek elgia estaltzen zuten eta ibentzen baratze handi bat. Kalipzok Telemaki berenazko edergallu hoik erakutsi ondoan, erran zioen:
— Pausa zaite. Zure arropak bustiak dira, alda dezatzun ordu da. Gero berriz elkar ikusiren dugu, eta erranen deraitzut gauza batzu zoiñetaz zure bihotza ukituren baita.
Ordu berean Mentorrekiñ harpe baten lekurik barrenen eta gorderenean, bere egoitzaren aldekoan sarrerazi zuen. Ninfek izan zuten arta toki hartan zedrezko egurrez bizteko su handi bat, zoinen usain goxoa alde guzietara hedatzen baitzen, eta arrotz berrientzat han berean utzi zituzten arropak.
Telemakek, ikusirik harentzat eman zutela xamar bat ile hautez egiña, zoiñak bere xuritasunaz elhurrarena ilhautzen baitzuen, eta purpurazko soiñ bat urhez aihendatua, gizon gazte bati, hanbat berregintza ikusiz, berenaz heldu zaion atsegiña hartu zuen.
Boz ziñ batekiñ erran zioen Mentorrek:
— Oi Telemake, hoik direia bada Ulizen semearen bihotza bete behar duten gogoetak? Orhoit zaite hobeki ihardukitzeaz zure aitaren izena, eta garhaitzeaz zure toleian dabillan zoria. Neskatila baten pare apaindura zoro bat maite duen gizon gaztea ez da gai ez zuhurtziaz, ez omenez. Omena etzaio zor nahigabeen egartzen eta atsegiñen ostikatzen dakien bihotz bati baizen.
Hasgorapen batekiñ ihardetsi zuen Telemakek:
— Galaraz nezatela jainkoek nagikeria eta atsegiñak ene bihotzaz nausitzera utziren ditudan baiño lehen. Ez, ez, Ulizen semea ez da behiñere bentzutua izanen bizitze bano, faun eta guri baten gozoez. Baiñan zer zeruko laguntzaz, gure zorigaitzaren ondotik, ediren dugu ongiz betetzen gaituen jainkosa edo emakume hori?
Mentorrek erran zioen:
— Beldurti zaitezi ondikoz etzaitzan galka. Zure untzia porroskatu duten harkadientzat baiño beldurrago izan zaitezi horren lausengu enganagarrientzat. Begira duzula siñestetik ihardukiko derauzkitzun elheak. Gaztetasuna ariñki fidatzen da eta geroari behatu gabe. Begira duzula entzutetik Kalipzoren solas ezti eta lausengariak, zeiñak lerraturen baitzaizkitzu hala nola suge bat lilipetan. Posoñ gorde haren beldur izan zaitezi. Etzaitezila fida zure buruari eta zaude bethi nere erran onen begira.
Orduan itzuli ziren Kalipzoren gana, zeiñak igurikitzen baitzituen. Ninfek, ileak bihurguneka moldatuak eta arropa xuritan, berehala zerbitzatu zuten ontuntza bat arronta baiñan hauta gozoaren eta garbitasunaren aldetik. Han etzen ikusten bertze haragirik saretan atzaman zituzten hegastiñena baizen, edo ihizian hil zituzten aziendena. Zilhar untzi handi batzuetarik ixurtzen zuten urhezko xata lorez khoroatu batzuetara arno bat jainkoen edaria baiño eztiagoa. Saskietan ekarri zituzten Udaberriak agiñtzen eta Udazkenak lurraren gaiñera berduratzen dituen fruitu guzietarik. Ordu berean lau ninfa gazte kantuz abiatu ziren. Lehenik kantatu zuten jainkoen gudua diganteen kontra (...) , gero Bakuzen sortzea eta hura Zilene zaharrak altxatu zuen moldea. Atalanten lasterra Ipomenekiñ, zeiñak bentzutu baitzuen Ezperidetako baratzetik jenikako urhe sagarren medioz. Azkenean, kantatua ere izan zen Troiesko gerla. Ulizen guduak eta haren zuhurtzia zeruetaraiño handietsiak izan ziren. Lokotoe, ninfetarik lehenbizikoak, bertzen boz eztiei baltsatu zuen bere arrabitaren soñua.
Telemakek entzun zuenean bere aitaren izena, matelak behera jautsi zitzaizkon nigarrek dirdira berri bat eman zioten haren edertasunari. Baiñan, nola Kalipzo ohartu baitzen etzezakeiela jan eta bihotz-miñ batek tinkatu zuela, kheiñu egiñ zioten ninfei. Berehala kantatua izan zen Lapiten eta Zantoren gudua, eta Ifernuetara Orfek egiñ izan zuen jauspena hantik Uridizen atharatzeko.
Ontuntza akabatu zenean, Kalipzok aldarazi zuen Telemake eta huneletan mintzatu zitzaioen:
— Ulize handiaren semea, ikusten duzu zer begitarterekiñ errezibitzen zaitudan. Herioak ez du nere gaiñean eskurik eta nehor haren azpiko denik ez daite sar irla huntan non ez den bere atrebentziaz gaztigatua, eta zure estrapuak berak, etziñtzazke nere aiherkundeari geriza, bertzenaz ez baziñdut maite. Zuk duzun zorion bera izatu du zure aitak. Oi! baiñan ez du hartaz baliatzen jakiñdu. Luzez irla huntan begiratu izan dut. Bere baitan zuen hemen nerekiñ bizitzea herioaren beldurrik gabe, baiñan, bere sor-leku erromesera bihurtzeko lehia itsuak, ontasun hauk guziak utzarazi izan zioizkien. Ikusten duzu zer galdu duen berriz eziñ ikusi izan duen Itaka harentzat. Nahi izan niñduen utzi, goan zen, eta kalerna pesiak aspertu niñduen. Haren untzia, haizeen dostarkulu luzez ibili ondoan, itsasoaren zolara hondatua izan zen. Balia zaitezi hanbat zorigaitz ikusgarriaz. Haren nofraiaz geroz ez duzu zeren gehiago deusere iguriki, ez haren berriz ikusteko, ez eta ere haren ondotik Itakan erregiñatzeko. Haren galtzeaz sosegu hartzazu, hemen edireiten duzunaz geroz dohatsu eragiñ nahi zaituen jainkosa bat eta erresuma bat eskeiñtzen derautzuna.
Kalipzok erabilli ziotzan oraiño bertze asko solas, erakustera emaiteko zenbatetaraiñoko zorionaz Ulize gozatu izan zen haren aldean. Erran ziotzan haren gertakuntzak Polifeme Tartaroaren harpean eta Antifate, lestrigondarren erregearen baitan, ahantzi ere gabe zer gertatu zitzaioen Zirze Iguzkiaren alabaren irlan, eta zer hesturetan izan zen Zila eta Kariben artean. Erran zuen zer pesia Neptunek azkenean bihurtu izan zuen handik goan zenean. Nahi izan zuen adiarazi nofraia hartan galdu izan zela, eta etzuen erran nola feaziendarren irlan leihor hartu izan zuen.
Telemakek, zeiñak bere burua lasterregi utzi baitzuen Kalipzoz haiñ ongi ekarria izaiteko atsegiñari, ezagutu zuen azkenean haren amarrua eta Mentorren erranen zuhurtzia. Laburzki ihardetsi zuen:
— Oi jainkosa, barkazazu ene atsekabeari. Orai erdira baizen ez naiteke. Geroxago, behar bada, izanen dut eskeiñtzen derautazun zorionaren dastatzeko indar gehiago. Orai utz nazazu ene aitaz nigar egitera. Zenbat duen merezi nik baiño hobeki badakizu.
Kalipzo etzen orduan haren gehiago behartzera menturatu. Egiñ ere zuen haren atsekabean sartzeko itxurapen bat, eta Ulizentzat urrikaltzekoa, baiñan hobeki ezagutzeagatik gizon gaztearen bihotzeko bideak, galdatu zioen heia nola egiñ zuen nofraia eta zer gertakuntzaz edireiten zen aurkintze hetan.
— Ene dohakabetasunen kondagailua luzegia leiteke.
— Ez, ez —ihardetsi zuen Kalipzok—. Berantzen zaut heien jakitea, konda daiztadatzu lehen bai lehen.
Luzez behartu zuen jainkosak. Azkenekotz Telemakek eziñ iharduki zioen gehiago, eta huneletan miñtzatu zen:
— Itaka utzi nuen galdegitera goateko nere aitaren berriak Troiesko hiriaren sethiotik itzuli izan ziren bertze erregeei. (...) Ez Neztor, Pilozen ikusi nuenak, ez Menelaz, begitarterekiñ errezibitu niñduenak Lazedemonan, eziñ erran zarotedaten heia oraiño bizi zenetz nere aita. Bethi duda eta menturetan bizitzea higuiñdurik, Ziziliara goateko xedea hartu nuen. Entzun nuen irla hartara haizeek bulkatu izan zutela nere aita, baiñan, hemen ikusten duzuen Mentor zuhurrak, jazar egiten zioen holako gogoeta ozarrari. Alde batetik, begietaratzen zerauzkidan Tartaroak, digante izigarri batzu gizonak iresten dituztenak; bertzetik, Eneren eta troiestarren untziak epaitza hetan zabiltzanak. «troiestarrak —zioen—, grek guzien kontra subermatuak dira, baiñan ororen gaiñetik, Ulizen semearen odola gogotik ixur lezakete. Itzul zaitezi Itakara, —zioen oraiño—. Menturaz zure aita, jainkoez maitatua, zu bezaiñ laster harako da. Baiñan, baldiñ jainkoek haren galtzapena dohatu badute, bere sor-lekua berriz behiñere ez baliñbadu ikusi behar, haren aspertzera bederen goan behar duzu, zure amaren libratzera, lur guziari erakustera zure zuhurtasuna eta zure baitan, Grezia guziari, errege bat Ulize bera egundaiño izatu den bezen gaia».
Solas horiek etziren galgarriak, bainan ez nuen aski umotasun heien entzuteko. Ene lehia baizen ez nuen entzun izan. Mentor zuhurrak maitatu ninduen niri jarraikitzeraino haren erranen kontra abiatzen nuen piaia atrebitu hartan, eta jainkoek huts baten egitera utzi ninduzten, zeina ene balenoriotik zentzarazteko zerbitzatu behar baitzaudan.
Telemake mintzo zelarik, Kalipzo Mentorri beha zagoen. Balditua zen. Zerbait jainkozko haren baitan iduritzen zitzaioen, bainan bere gogoeta nahasiak etzetzakeien berez. Holetan gelditzen zen beldurkunde eta aiheruz bethea arrotz haren aintzinean. Orduan beldurtu zen agertzera utzezazan bere asaldua. Telemaki erran zioen:
— Aintzina mintza zaite, eta askies-zazu ene jakiteko lehia.
Telemake huneletan jarraiki zen:
— Aski luzez, alde izan ginduen haizea Ziziliara goateko, bainan gero kalerna beltz batek zerua itzali zeraukun eta gau ilhun batez inguratuak izan ginen. Sismisten argira, ikusi gintuen bertze untzi batzu gure hestura berean sartuak, eta laster ezagutu gintuen Eneren untziak zirela. Guretzat etziren harkadiak baino gutiago beldur izaiteko. Orduan, bainan berantegi, ohartu nintzen gaztetasun zoro baten berotasunak zer ez ninduen utzi behatuki ikartzera. Hestura hartan, Mentor agertu zen ez xoilki bihotzdun eta kaliputsua, bainan ardura baino alegerago. Hunek sustatzen ninduen. Ohartzen nintzen ezin bentzutuzko indar bat ibentzen zerautala. Deskantsuz manu guziak emaiten zituen, noiz eta ere lema idukitzailea asaldatua baitzagoen. Erraiten nioen:
— Ene Mentor maitea, zertako ez ote dut nahi izan zure erranei behatu? Ez ote naiz dohakabe nere burua baizen ez dudalakotz nahi izan sinetsi, adin batean zoinetan ez baita ez ethorkizunaz konturik, ez iraganaren frogantzarik, ez zuhurtziarik ordu berekoaren begiratzeko? Oi, baldinetaria behin ere hestura huntarik ilkitzen bagare, nere buruarentzat izanen naiz aiherutsu, nere etsairik gaitzenarentzat bezala. Mentor, zu sinetsiren zaitut bethi.
Irri aire batekin ihardetsi zerautan Mentorrek:
— Begira dut egin duzun hutsaz zuri jazartzetik. Hura ezagut dezazun aski da eta hartaz zerbitza zaitezin bertze aldi batez zure nahikarietan begiratuagoa izaiteko. Bainan hesturatik ilki ondoan, balenorioa menturaz itzuliren da. Orai bihotzak behar gaitu lagundu. Hesturan sartu gabe behar da hura ikusi eta haren beldur izan, bainan han eroria denean, hartaz nardatu behar da. Izan zaite beraz Ulizen seme gaia. Agerrazu bihotz bat mehatxatzen zaituzten gaitz guziak baino handiagoa.
Mentor zuhurraren eztitasunak eta bihotzak ukitu ninduten, bainan oraino gehiago espantitu nintzen ikusi nuenean zer asmurekin troiestarretarik salbatu gaintuen. Noiz-eta-ere zerua garbitzen abiatu baitzen, eta troiestarrek, hurbildanik ikustean, ezin falta ezagutuko baikintuzten, ohartu izan zen heien untzi bat gurearen karantzakoa pesiak apartatu zuela. Haren gibela lore mota batzuz khoroatua zen. Berehala Mentorrek, gurean ezarri zituen lore mota berezko khoroak, berak lotu zituen, troiestarrenen kara bereko xingolez. Manatu zuen gure sakerei ahal bezenbat alkien gainera apal zitezin, etsaiek ezagut etzetzaten amoreagatik. Hola, heien untzien erditik iragan ginen. Gu ikustearekin irrintzinaz abiatu ziren, galduak uste izan zituzten lagun batzu ikusten balituzte bezala. Itsasoaren oldarrak bortxatu ere gaintuen aski luzez heiekin ibiltzera. Azkenean egon ginen gibelaxago, eta haize muthiriek Afrikako aldera bulkatzen zituztelarik, Ziziliako bazterrik hurbilenera arrau indarka heltzeko, azken egin ahalez bermatu ginen.
Nahi bezala hara heldu izan ginen, bainan guk bilhatzen ginduena etzen hanbat gutiago ondikozkoa ihes eragiten zeraukuten untziak baino. Ziziliako aurkintze hetan ediren gintuen bertze troiestar batzu, greken etsaiak. Han erreginatzen zen Azezte zaharra, Troiestik atharaia. Leihor hartu izan ginuen bezain laster, hango berekoek uste izan zuten, heien oharkabean harrapatzeko harmaturik heldu zen irlako bertze zenbait jendaia ginela, edo arrotz batzu heien lurrez nausitzera heldu ginenak. Erretzen dute gure untzia, eta lehenbiziko oldarrean, gure lagun guziak sarraskitzen dituzte. Ez gaituzte ni eta Mentor baizik begiratzen, Azezten aintzinera eramaiteko, gure ganik jakintsun eragin ahal zedin amoreagatik, heia zer ziren gure xedeak eta nontik heldu ginen. Hirian sartzen gara eskuak gibelean amarratuak eta gure herioa etzen luzatua gu jendaia krudel bati ikusgarritzat zerbitzatzeko baizen, grekak ginela jakinen zenean.
Lehenik eraman gaintuzten Azezten aintzinera, zoina, bere urhe zigorra eskuan, populuen juiatzen hari baitzen eta sakrifizio handi batetako abiaduretan. Boz garratz batekin galdatu zeraukun heia zein zen gure herria eta zertako egiten ginduen piaia hura. Mentorrek ihardetsi zuen berehala, erraiten ziolarik:
— Ezperia handiko bazterretarik heldu gare eta gure herria ez da hantik urrun.
Hola, begiratu zen erraitetik grekak ginela. Bainan Azeztek, hau gehiago entzun gabe, ustez beren xedeak gordetzen dituzten zenbait arrotz ginela, manatu zuen egorriak izan gaintezin hurbileko oihan batetara, zeintan zerbitzaturen baikinen gathibu bezala haren artzainen azpian.
Holako bizitze bat heriotzea baino dorpeagoa iduritu zitzaudan. Oihu egin nuen:
— Oi Errege! hilaraz gaitzatzu hanbat eskarniagarriki erabiliren gaituzun baino lehen. Jakin zazu Telemake naizela, Ulize zuhurra, Itakako erregearen semea. Itsaso guzietan bilhatzen dut nere aita. Baldin ez badezaket ez hura ediren, eta ez banaite nere herrirat itzul, ez gathibutasunari ihes egin, ezin jasanen dudan bizi hau idek derautazu.
Hitz horiek ahotik athara bezain laster, oste guzia sumindurik oihuz abiatu zen hilarazi behar zela Ulize krudelaren semea, zeren Ulizek bere amarru gaixtoez eragoitzi izan baitzuen Troiesko hiria.
— Oi Ulizen semea! — erran zerautan Azeztek—, zure odola ez dirot ezezta hanbat troiestarren orhoitzapenari, zeinak zure aitak Kozite beltzaren bazterretara bulkatu baititu. Zu eta zu laguntzen zaituena, biak galduren zarete.
Ordu berean, ostetikzahar batek erran zioen Ankizen hobiaren gainean hiltzera behar gintuzketela eraman, ziolarik:
— Hoien odolak gizon handi haren itzalari eginen dio atsegin. Hori jakiten duenean Enek berak, ukitua izanen da ikusteaz zenbat maite zinuen berak gehienik lurraren gainean maite zuena.
Oihu batez orok laudatu zuten solas hori, eta etziren gehiago gure heriotzeaz baizen alhatu. Jadanik Ankizen hobira eramaten gaintuzten. Han altxatuak ziren bi aldare, zoinetan su sakratua biztua baitzen. Begien aintzinean ginduen sarraskitu behar gaintuen marrauza. Lorez khoroatu gaintuzten, eta gure bizia begira zezakeien urrikalmendurik etzen. Gureak egin zuen, Mentorrek deskantsuki galdatu zuenean erregeri mintzatzea. Erran zioen:
— Oi Azezte! Telemake gaztearen dohakabetasunak, zeinak ez baitu behin ere troiestarren kontra harmarik ekarri izan, ez balin bazezake uki, nonbait zure onak berak uki zeitzala. Ethorkizunaren eta jainkoen gogoen ezagutzeko bildu dudan jakintasunak erakusten deraut, hirur egun iragan gabe, akometaturen zaituztela jendaia barbaro batzuek, zoinak, hibai baten pare, mendi gainetarik heldu baitira zure hirian inhautzeko eta zure lurren arrogatzeko. Lehen bai lehen aintzin zakitzote. Zure gizonak harmetan ezarzkitzu eta astirik galdu gabe, hirira bilarazkitzu elgian dituzun artalde aberatsak. Baldin nere erranak gezurrak badira, gure hilaraztea, hirur egunen buruan, haizu izanen zerautzu. Aitzitik, egiak balin badira, orhoit zaitezi ez dela nehori bizia khendu behar, zoinaren ganik bat bederak idukitzen baitu.
Azezte harritu zen hitz horietaz, zeinak Mentorrek erran baitzioizkien egundaino gizon batean ediren etzuen zintasun batekin. Ihardetsi zioen:
— Ikusten dut, oi arrotza, jainkoek, zeinek zoriaren emaitza guziez hanbat gaizki dohatu baitzaituzte, zuhurtzia bat eman derautzutela dohatsutasun guziak baino prezagarriagoa dena.
Ordu berean gibelatu zuen sakrifizioa eta eman zituen berehala premia ziren manu guziak, Mentorrek mehatxatu zioen akometazioneari aintzintzeko. Nihondik etzen ageri ema ikaran zaudenik baizen, gizon zahar makurtuak, haur ttipiak nigarra begian hirira heldu zirenak. Idiak eta ardiak orroaz multzuka heldu ziren alhapide gizenetarik, eta, aterpean jartzeko, heirik aski etzezaketen ediren. Alde guzietarik etzen oihurik baizen, jendeak elkarri sorka, elkar adi etzezaketenak, nahastura hartan arrotz bat adiskide batentzat hartzen zutenak, eta lasterka zabiltzanak jakin gabe nora zoazen. Bainan hiriko lehenbizikoak, beren buruak ustez bertzeak baino zuhurragoak, iduritzen zitzaioten enganatzaile bat zela Mentor bere biziaren begiratzeko gezur bat asmatu zuena.
Hirugarren eguna erori gabe, holako gogoetaz betheak zaudelarik, agertu zen mendien mazelan herrauts zirimola bat, eta gero barbaro harmatuzko oste ezin kondatu bat. Himeriendarrak ziren, jendaia krudela, Nebrodeseko mendietan daudenekin eta Akragasen bizkarrean, zeintan irauten baitu negu batek haize epelek egundaino gozatu ez dutena. Mentorren erranez irri egin zutenek, galdu zituzten beren gathibuak eta beren artaldeak. Erregek Mentorri erran zioen:
— Ahanzten dut grekak zaretela. Gure etsaiak gure adiskide zin bilhakatzen dira. Jainkoek gure begiratzeko egorri zaituzte. Zure balentziatik ez dut zure erranen zuhurtasunetik baino gutiago igurikitzen. Gure laguntzara laster egizue.
Mentorrek begietan erakusten du larderia bat gudularirik superrenak harritzen dituena. Hartzen du erredola, kaska, ezpata eta lantza. Lerrokatzen ditu Azezten soldadoak, heien buruan eta etsaiei hurbiltzen da nahasmendurik gabe. Azezte, nahiz bihotzez bethea, bere zahartasunean etzakiokeien jarraik urrundanik baizen. Ni hurbilago danik jarraikitzen natzaio, bainan ezin higual dezaket haren balentzia. Guduan, hunen kuirazak Minerbaren bethiereko Egida iduri zuen. Lerrotik lerrora heriotzea guzietan bazabilan hunen ukaldien azpian. Gose krudelak toleiatzen duen Numidiako lehoin baten pare, eta ardi herbalezko artalde batean sartzen dena, porroskatzen du, sarraskitzen du, odolean igerikatzen da, eta artzainak, urrun artaldearen laguntzetik, ihes egiten dute, haren errabiatik beren buruen begiratzeko.
Barbaroak, zeinak igurikitzen baitzien hiriaren gainera oharkabean erortzera, berak ohartu gabe atzamanak izan ziren eta asaldatuak. Azezten soldadoak, Mentorren manuez eta egintzez sustatuak, indar bat beren buruak gai idukitzen etzutena erakutsi zuten. Ene lantzaz ardiki nuen etsaietako erregearen semea. Ene adinekoa zen, bainan handiagoa ni baino, ezen jendaia hura digante kasta batetarik heldu zen, zeinek Tartaroen ethorki bera baitzuten. Nardatzen zen etsai batez ni bezain herbalaz, bainan, ez haren indar ikaragarriaz, ez haren bekunde dorpe eta basaz harritu gabe, haren bulharretara bulkatu nuen nere lantza, eta hatsarekin batean, goiti eragin niotzan odol beltz batetarik hibaiak. Lehertzer ninduen erortzean, eta haren harmen harrabotsak mendietaraino ihardetsi zuen. Haren despuilak harturik Azezten gana itzuli nintzen. Mentorrek arras nahasi ondoan etsaiak, sarraskitu zituen, eta ihes egin zutenak oihanetaraino bulkatu.
Hanbat guti igurikia zen garhaitzia batek iraganarazi zuen Mentor jainkoek maite eta usnatzen duten gizon batentzat. Azeztek, ezagutzaz ukitua, abisatu gaintuen guretzat zer-nahi-denen beldur zela, baldin Eneren untziak Ziziliara bihurtzen baziren. Bat eman zeraukun berak, ordurik galdu gabe gure herrira itzultzeko. Dohainez gainditu gaintuen, eta lehen bai lehen abia gintezin othoiztu, amoreagatik beldur zen ondiko guziei aintzin gaintezin. Bainan ez lema idukitzailerik, ez sakerik etzeraukun eman nahikatu, heientzat sobra hirrisku izanen zelakoan Greziako bazterretan. Eman zerauzkigun Feniziako tratulari batzu, zeinak, lurreko jendaia guziekin tratutan zirelakotz, deusen beldur izaitekorik ez baitzuten, eta heiek, gu Itakan utzi ondoan, Azezteri behar zioten bihurtu bere untzia.
Bainan jainkoek, gizonen gogoetez dostatzen direnek, bertze hestura batzuei begiratzen gaintuzten.
LEHENBIZIKO LIBURUAREN AKABANTZA
BIGARREN LIBURUA
Tiriendarrek, beren supertasunaz, sumintarazi zuten Zezoztriz handia, Egiptoko erregea, hanbat erresumez nausitu izan zena. Tratuan bildu dituzten aberastasunek eta itsasoaren erdian jarria den Tirreko hiri ezin hartuaren bortiztasunak, hantu zuten jendaia heien bihotza. Etzuten nahi izan pagatu Zezoztrizek bere garhaizietarik heldu zenean ibendu izan zioten zerga, eta tropaz lagundu izan zuten haren anaia, zeinak, gibelat itzuli zenean bazkari handi baten bozkalentzien erdian nahi izan baitzuen sarraskitu.
Heien balenorioaren zebatzekotzat, Zezoztrizek itsaso guzietan heien tratuaren trabatzeko gogoa hartu zuen. Haren untziak alde guzietara bazabiltzan feniziendarren bilha. Buruz buru egin ginduen Egiptoko untzi hetarik multzu batekin, Ziziliako mendiak begietarik galtzen abiatu ginenean. Lurrak eta portuak iduri zuten ihes zoazela gure gibelean eta hodoietan iraungitzen zirela. Ordu berean hurbiltzen ikusten ditugu Egiptoko untziak, uraren erdian igeri dabiIan hiri bat iduri. Ezagutu zituzten feniziendarrek eta nahi izan zuten hetarik urrundu, bainan etzen gehiago muga. Heien belak gureak baino hobeak ziren. Alde zuten haizea. Gu baino saker gehiago zuten. Heltzen zaizku, hartzen gaituzte eta Egiptora preso eramaten.
Alferretan erran nioten ez ginela feniziendarrak. Doidoia jautsi ziren ene aditzeraino. Feniziendarrek tratu egiten duten zenbait gathibu ginela uste izan zuten, eta halako hartzapenetik izanen zuten irabaziaz baizen etziren alha. Jadanik ohartzen gare Nileko uren nahastekaz zuritzen dela itsasoa, eta ikusten dugu Egiptoko hegia hurran itsasoa bera bezain apala. Gero Farozeko irlara heltzen gare, Noa hiriari hurbil dena. Hantik igaiten gare Nilaz Menfizeraino.
Gure gathibutasuneko lastimak ez balin bagintu atsegin guziei sorhaiotu, bozturen ziren gure begiak Egiptoko lur aberatsa ikusteaz, baratze atsegingarri baten pare, oro ixtunez arregatua. Bazterretara ez ginezakeien begira ikusi gabe hiri aberatsak, bazter-etxeak leku atsegin batzuetan jarriak, alhorrak, behin ere pausatu gabe, urhea bezain horiko uztaz urthe oroz estaltzen zirenak. Sorroak artaldez betheak, laborariak lehertuak lurrak bere sabeletik frangatzen dituen azpian, artzain batzu ingurunetako oiharzunei ihardetsarazten zuztenak bere xirula eta xaramelen soinu ozenak.
Mentorrek erraiten zuen:
— Nonbait dohatsua, errege zuhur batek manatzen duen populua! Nasaizian eta zorionean bizi da, eta bere dohatsutasuna zor dion hura maite du. Oi Telemake, —zioen oraino—, hola erreginatu behar duzu, eta zure azpikoen boskarioa egin, baldin egun batez jainkoek zure aitaren erresuma gozarazten baderautzute. Maita zaitzu zure azpikoak, hala nola zure haurrak. Dastazazu hetaz maitatua izaiteko atsegina, eta hanbat egizu non behin ere ezin goza ahal ditezin ez bozkarioz, ez bakeaz, orhoitu gabe errege on bati zor diotzatela emaitza balios hek. Beren buruak larderietan ezartzeaz baizen alha ez diren erregeak eta bere azpikoen zebatzeaz, bentzutuagoak idukitzeagatik, jendekiaren izurriak dira. Berek nahi bezala lotsagarri dira, bainan higuin eta gaitzetsiak ere, eta beren azpikoentzat beldurrago izaiteko dute ezenetz azpikoek heientzat.
Ihardesten nuen Mentorri:
— Zorigaitzaren handia! Ez dugu zer orhoitu siñestez zoinen arabera behar baita erreginatu. Ez da gehiago Itakarik guretzat. Ez dugu berriz behin ere ikusiren ez gure sor-lekua, ez Penelopa, eta Ulize ospe handi batez inguraturik bere erresumara bihurtzen balitz ere, ez du behin ere ene han ikusteko bozkalentziarik izaturen. Ez dut behin ere izaturen haren manuen betetzeko atsegina nerorrek manatzen ikas dezadan. Hil gaitezin, ene Mentor maitea, hemendik aintzina ez dugu zeren bertze gogoetez alha. Gaitezin hil, gutaz jainkoek urrikalmendurik ez dutenaz geroztik.
Hola mintzatzean, has beherapen luze batzuek trenkatzen zituzten ene solas guziak. Bainan Mentor gaitzen beldur izaiten zena jen zitezin aintzinean, etorriz geroz etzakien zer zen heien beldur izaitea.
— Oi Ulize zuhurraren seme guti gaia! —zioen—. Zer bada! Zure zorigaitzari amor egiten diozu! Jakin zazu, egun batez, Penelopa eta Itaka berriz ikusiren dituzula. Ikusiren ere duzu bere lehenbiziko ospean ezagutu ez duzun hura, ezin bentzutuzko Ulize, zoriak ezin zeba diron hura, eta zeinak bere ondikoetan, zureak baino handiagoak, oraino erakasten baiterautzu nola nahi etsiaren gaitzesten. Oi! jakin ahal baleza pesiak bulkatu duen leku apartetan, ez haren pairakortasunari, ez haren bihotzari jarraikitzen ez dakiela haren semeak, berri horrek ahalkez urtaraz lezake, eta hain aspaldidanik egartzen dituen dohakabetasun guziak baino garratzagoa leikioke.
Gero Mentorrek ohartarazten ninduen zer bozkarioa eta nasaizia hedatuak ziren Egiptoko elgi guzian, zeinetan edireiten baitzen hogoi eta bi mila hiritaraino. Espantitzen zen hiri hetako manamendu zuhurrez; aberatsaren kontra beharraren alderako zuzentasunaz, haurren altxatzeko molde onaz, zeinak amorrari, lanari, askiestasunari, antze eta jakitaten amodioari laketarazten baitzituzten; erlijoneko zirimonia guzien alderako zorroztasunaz; zuzentasunaz, ohore lehiaz, gizonen alderako zintasunaz, eta jainkoen beldurkundeaz, aita bakotxak bere umei sarrarazten ziotzatenez. Manu eder hortaz espantitzeaz etzen unhatzen. Erraiten zaudan bethi:
— Zorion, errege zuhur batek hola manatzen duen populuari! Bainan oraino dohatsuago hanbat populuen zoriona egiten duen erregea eta zoinak berea prestutasunean edireiten baitu! Gizonak idukitzen ditu beldurkundearena baino ehun aldiz bortitzagoa den estekaz, zeina baita amodioarena. Ez xoilki haren manuak bethetzen dituzte, bainan oraino maite dute heien bethatzea. Bihotz guzietan erreginatzen da. Bakotxak, urrun hartaz gabetzetik lehiatzeaz, beldur da hura gal, eta harentzat eman lezake bere bizia.
Entzuten nintuen Mentorren solasak, eta, adiskide zuhur hura mintzo zaudanaren ereduraz usnatzen nuen kalipua ene bihotzaren zolan atzartzen zela.
Heltu ginen bezain sarri Menfizera, hiri aberats eta ederra, hango buruzagiak Tebezeraino goanen ginela manatu zuen, errege Zezoztrizen aintzinera, zeinak nahi baitzituen berak ikartu gauzak eta tiriendarren alderat hainitz sumindua baitzen. Oraino beraz, Nilaz igan ginen ehun athetako Tebes deitatu hartaraino. Han egoten zen errege handi hura. Eremu izigarrikoa iduritu zitzaukun hiri hura eta Greziako freitosenak baino jendeztatuagoa. Han karriken garbitasunarentzat, uren, mainhuen errextasunaren, antzeen ikaskuntzaren, eta deskantsuarentzat, manurik hoberenak dira. Plazak ithurriz eta obelizkaz berreginduak dira. Tenploak marmola harriz dira eta argindura laño bainan misegarri batez. Erregeren jauregia bera hiri handi baten pare da: ez da han ageri marmolazko harroin, piramida, obelizka, gizon molde ikaragarri eta tresna urhe eta zilharrezko baizen.
Erregeri erran zioten gure atzamailek Feniziako untzi batean aurkitu gaintuztela. Egun guziez oren ber batzuetan, entzuten zituen zerbait arrankura edo mesu egin nahi zioten guziak. Etzuen nehor arbuiatzen ez eta ere esker gaixtorik emaiten, eta etzuen uste errege zela ongi egiteko baizen bere azpiko guziei, zeinak bere haurrak bezala maite baitzituen. Begitarte ona egiten zioten arrotzei, eta nahi zituen ikusi, zeren uste baitzuen beti zerbait probetxagarririk ikasten dela urruneko populuen azturez eta errantzez jakintsun egitean.
Erregeren lehia horren gatik, eramanak izan ginen haren aintzinera. Urhe zigor bat eskuan, iberazko tronu baten gainean jarria zagoen. Ordukoz zahartua zen, bainan atsegina eta eztitasunez eta maiestatez bethea. Egun oroz populuak juiatzen zituen pairakortasun eta zuhurtzia batekin, lausengurik gabe espantagarriak. Goizetik arrats egitekoen xuxentzen eta justizia zorrotz baten emaiten haizan ondoan, arratsean haren abusamendua zen gizon jakintsunen entzutea edo behar den bezalako jendekin eleztatzea, zeinak bere xehetasunean sarrarazteko ongi berezten baitzakien. Haren bizi guzian etzitakeien bertze goibeldurarik ediren, sobra balenoriorekin, garhaitu zituen erregez trionfatu zela baizen, eta fidatu bere azpiko gizon bati berehala erakatsiren derautzutedana. Ikusi ninduenean, ene gaztetasunaz ukitua izan zen. Galdegin zerauzkidan ene izena eta ene sor-lekua. Espantituak izan ginen haren ahotik mintzo zen zuhurtziaz.
Ihardetsi nioen:
— Oi errege handia! Jankintsun zira hamar urte iraun duen Troiesko sethioaz eta haren funditzeaz hanbat odol Greziari gosta denaz. Hiri hura herraustu duten errege aintzindarienetarik bat izan da Ulize ene aita. Itsaso guzien hedaduran Itakako irla, bere erresuma, ezin edirenez dabila. Haren bilha nabila, eta gisa bereko zorigaitz batez atzamana izan naiz. Bihur nazazu nere sor-lekuari eta nere aitari. Higual, nonbait jainkoek begiraturen ahal zaituzte zure haurrei, eta gozaraziren ahal diote hanbat aita onaren azpian bizitzeko atsegina!
Urrikalmenduzko begi batez beha zaudan Zezoztriz, bainan heia ene erranak egiak ziren jakin nahiz, egorri izan gaintuen bere azpiko aintzindari bati, zeinak jakin behar baitzuen gure untzi atzaman zutenetarik, heia zinez grekak ala feniziendarrak ote ginen. Erregek erran zuen:
— Baldin feniziendarrak badira, bi aldiz gaztigatu behar dira, gure etsaiak direlakotz, eta oraino gehiago gezur tzar batez nahi izan gaituztelakotz enganatu. Aitzitik grekak balin badira, ongi erabiliak izan ditezin nahi dut, eta ene untzi batean beren sorlekura egorriak, ezen Grezia maite dut. Han egiptoar batek baino gehiagok legeak eman izan dituzte. Ezagutzen dut Herkulen bertutea; gutaino heldu izan da Achilen ospea; eta espantitua nago Ulize dohakabearen zuhurtziaz. Bertute dohakabeari laguntza emaitea da nere atsegina.
Zenbatenaz Zezoztriz zinago eta bizarrago baitzen, hanbatenaz barnea gaixto eta amarrutsuagoa zuen, erregeren manuz, gure egitekoaren ikarkuntza zuen gizonak. Aintzindari hura Metofiz deitzen zen. Bi hitzetan ediren nahiz, asko galde egin zeraukun, eta nola ikusten baitzuen Mentorrek nik baino zuhurtasun gehiagorekin ihardesten zuela, higuintza eta idurikortasunekin behatu izan zioen, ezen gaixtaginak onen aldera sumintzen dira. Berezi gaintuzten, eta ordutik ez nuen jakin zer bilhakatu zen Mentor.
Berezkuntza hori ortziri kolpe bat izan zen enetzat. Galdeak guri bereziki eginez, hitz makurretan erorarazteko peskiza zuen bethi Metofizek. Oroz gainetik uste ninduen bere agintza balakariez liluraraz, eta aitorraraz Mentorrek gordetzen ziokeiena. Hitz batez, etzuen egia zintasunean bilhatzen, bainan zerbait estakuru nahi zukeien erregeri erraiteko feniziendarrak ginela eta bere gatibu egiteko, eta hogendun ezkinen arren, eta errege umoa zen arren, ediren zuen haren enganatzeko bidea.
Oi zorigaitza! Zeren menturan diren erregeak! Zuhurrenak berak ardura dira enganatuak. Gizon amarrutsu eta diru gosez inguratuak daude. Onak gibela doazi, zeren ez baitira ez balakari, ez lausengatzaile artosak. Onak bilhatuak izan arteo daude, eta erregeek ez dakite hanbat heien bilha goaten. Aitzitik gaixtaginak ausart dira, enganatzaile, beren buruen onhetsarazteko eta atsegin egitera artos; gordetzen amutsu, ohorearen eta kontzientziaren axolik gabe, zernahidenen egitera abian, erregeen lehiak askiesteko. Nonbait dohakabe dela errege bat gaixtaginen amarruen menturan izaiteaz! Galdua da lausengua ez balin badu arbuiatzen, eta ausarki egia erraiten diotenak ez balin baditu maite. Horra zer gogoeta nabilan ene zorigaitzean, eta Mentorri entzun guziez orhoitzen nintzen.
Bizkitartean, Metofizek bere gatibuekin Oazizeko mortuko mendietara egorri ninduen, heiekin zaint netzan haren artalde handiak.
Hemen Kalipzok trikarazi zuen Telemake, erraiten ziolarik:
— Zer egin zinduen orduan zuk, Zizilian herioa gatibutasunari hautatu izan zinduena?
Telemakek ihardetsi zuen:
— Bethi handituz zohan ene zorigaitza. Ez nuen gehiago heriotzearen eta gatibutasunaren artean hautatzeko atsegin lastimatia. Gatibu izan behar zen, eta, hala erraiteko, zoriaren garraztasun guziak ahitu. Etzitzaudan gehiago peskizarik den gutiena gelditzen, eta ez nezakeien ere hitz bat erran ene libratzera destatzeko. Mentorrek geroztik erran deraut etiopiar batzuei saldua izan zela eta heiei Etiopiara jarraiki zitzaiotela.
Ni mortu izigarri batzuetara heltu izan nintzen. Han, zelhaien erdian legartze erregarri batzu ikusten ziren. Egun daino urtu ez diren elhur batzuek mendi gainetan bethi irauten duen negu bat egiten zuten, eta xoilki mendi zut heien mazelen erditsuan, gerenden artetan, artaldentzat edireiten ziren bazkaleku batzu. Haranak hain barnak dira, non doidoia iguzkiak han distiraraz baitetzake bere argiak.
Ez nuen toki hartan bertze gizonik ediren artzain batzu baizik, lekua bera bezain basak. Han, gauak iragaiten nituen ene zorigaitzaren auhendatzen, eta egunak artalde baten ondotik, gathibu buruzagi baten gaixtotasunari ihes egiteko, zeinak, bere libratzeko irritsean, bertzeak bethi belzten baitzituen, nausiaren aintzinean baliarazteko bere kharra eta haren onentzat zuen jarrikimendua. Gathibu hura Butis deitzen zen. Hestura hartan behar nintzen arras erori. Egun batez, oinhazeak zapatzen ninduelarik, ahantzi nuen nere artaldea, harpe baten aldean, belharraren gainean hedatu nintzen, eta nere atsekabeak gehiago ezin jasanez, han herioaren begira nindagon.
Ordu berean, ohartu nintzen mendi guzia ikaratzen zela. Haitzek eta lerrek haren kapetatik jausten zirela iduri zuten. Jabaldurik zauden haizeak. Harpetik boz ikaragarri bat ilki zen eta hitz hauk adiarazi zerauzkidan: «Oi Ulize zuhurraren semea, hura bezala, pairakortasunaz behar duk handi bilhakatu. Bethi dohatsu izan diren printzek ez dute hala izaitea hanbat merezi: faunkeriak galtzen ditu eta urguiluak zoratzen. Oi! nonbait dohatsu izanen haizela, baldin bentzutzen badituk hire ondikoak, eta behin ere ez ahanzten! Berriz ikusiren duk Itaka eta zeruetaraino iganen duk hire ospea. Bertze gizonen nausi izaiten haizenean, orhoit hadi, hek bezala herbal, erromes eta oinhazean izatu haizela. Maita zatzik hire azpikoak, lausengua higuint, eta jakin zak ez haizela handi izanen, non ez haizen begiratua eta bihozdun izaiten hire lehien bentzutzeko.
Jainkozko solas horiek ene bihotzeko zolaraino sartu ziren. Han, berriz sorrarazi zuzten bozkarioa eta kalipua. Jainkoak gizonei mintzatzen direnean zainetan odola hormarazten eta buruan ileak zutarazten dituen lazgun hura ez nuen frogatu. Deskantsu jaiki nintzen. Belauniko, eskuak zerura goititurik, adoratu nuen Minerba, zeinari uste izan bainuen orakle hura zor niola. Ordu beretik gizon berri bat ediren nintzen: zuhurtziak argitzen ninduen, indar gozo bat ezagutzen nuen emarazteko ene lehia guziak eta baratzeko ene gaztetasunaren oldarra. Mortuko artzain guziez nere burua maitarazi nuen. Azkenekotz ene eztitasunak, ene pairakortasunak, ene zorroztasunak eztitu izan zuten Butis krudela, zeinak eskudantzia baitzuen bertze gathibuen gainean, eta hastean nahi izan bainituen toleiatu.
Hobeki jasaiteko nere gathibutasuneko eta bakartasuneko unhadura liburu bilha nindabilan, ezen nere izpiritua mantena eta lagunt zezakeien zerbait ikaskuntzaren eskasian, tristeziaz gainditua nintzen. Dohatsu, nioen, atsegin muthiriak higuintzen dituztenak, eta bizi zuzen baten gozotasunaz dakitenak askiesten! Dohatsu, ikastean dostatzen direnak, eta maite dutenak beren izpirituaren jakitatez berregintzen! Edozein tokitara bulka detzan zorigaitzak, bethi berekin dakarkete beren hazgarria, eta bertze gizonak atseginen beren erdian hiratzen dituen unhadura ez dute ezagutzen, irakurtzean beren astien bethatzen dakitenek. Dohatsu, irakurtzea maite dutenak, eta, ni bezala, irakurkuntzaz gabetuak ez direnak!
Holako gogoetak erabiltzen nintuelarik, oihan ilhun batean sartu nintzen. Bat batean ikusi nuen adineko gizon bat liburu bat eskuan zadukana. Gizon haren belhar handia kartzoila zen eta zimurtuxea. Bizar zuri bat gerriraino zarraikan. Haltura handia zuen eta ohoragarria. Larrua oraino fresko eta gorri, begiak bizi eta sarkor, boza eztia, eta solasak laño eta maitagarri. Egundaino zaharrik ez dut ikusi hanbat ahalkezunik. Termoziriz deitzen zen, eta Apolonen apeza zen, zoina zerbitzatzen baitzuen Egiptoko erregek oihan hartan jainko hari ibendu izan zioten marmolazko tenplo batean. Eskuan zadukan liburua kanta bilduma bat zen jainkoen ohoretan.
Begitarte ezti batekin hurbiltzen zait. Solas egiten dugu. Hanbat ongi erraiten zituen gauza iraganak, non uste izaiten baitzen ikusten zirela. Bainan laburzki erraiten zituen, eta egundaino ez naute haren kondagailuek unhatu. Aintzinera ethorkizuna ikusten zuen, gizonak eta hek gai diren gogoak ezagutarazten zeikan zuhurtzia handiaren kariaz. Hanbat umotasunekin, boza zen eta atsegina, eta gaztetasunik arraienak ez du hanbat maitagarritasun nola baitzuen gizon harrek hain adin handian. Hartarakotz maite zituen gizon gazteak etorkor zirenean eta prestutasunaren lehia zutenak.
Laster amodio samurraz maitatu ninduen, eta sosegatzeko liburuak eman zerauzkidan. Semearen izenaz deitzen ninduen. Erraiten nioen ardura:
— Ene aita, jainkoek Mentor edeki ondoan, nitaz urrikaldu dira. Zutan bertze laguntza bat eman deraute. Gizon hura Orfe edo Linuz iduria, duda gabe jainkoez usnatua zen. Berak egin zituen bertsuak erraiten zerauzkidan, eta emaiten Musez dohatuak ziren bertze zenbait bertsulari onenak ere. Jaunzten zuenean bere aldagarri luzea, elhurra baino xuriagoa, eta eskuetan hartzen zuenean bere iberazko arrabita, tigreak, lehoinak, hartzak heldu ziren haren lausengatzera, eta haren oinen milikatzera. Zatirak oihanetarik atheratzen ziren haren inguruan jauzkatzera. Zuhañek berek ukituak iduri zuten, eta usteko zinduen, gerendak, samurturik, mendi gainetarik jaustera zoazela, haren kantu eztien atseginari. Jainkoen handirasuna, bihotz handien bertutea, atseginak utzirik ospea hautatzen duten gizonen zuhurtasuna baizik etzuen kantatzen.
Bihotz hartu behar nuela erraiten zeraudan ardura, etzutela jainkoek ez Ulize, ez haren semea debalde utziren. Azkenean bururatu zeraudan, Apolonek bezala, artzainei behar niotela Musen ohoratzen erakatsi.
— Apolon —zioen—, sumindua, Jupiterrek, egunik ederrenetan, zerua bere ortzantzez asaldatzen zuelakotz, nahi izan zen aspertu Tartaroen gainean, zeinek lantzen baitzituzten ozpinak, eta bere flexez hil zituen. Ordu beretik Etnako mendia gelditu zen eragoiztetik garrezko zirimolak. Etziren gehiago entzuten mailu ikaragarrien kaskak, zeinek, ingudioa joitearekin, auhendarazten baitzituzten lurreko zenterna barrenak eta itsasoko hondarrak. Burdina eta eraina, gehiago Tartaroez argituak etzirenak, herdoiltzen abiatu ziren. Bulkain, errabian, bere errementatik ilkitzen da, eta, nahiz maingua, laster egiten du Olinpara. Jainkoen bilkua, izerdiz eta herrauts beltz batez estalia ardiesten du. Arrankura minak egiten ditu. Apolonen aldera sumintzen da Jupiter. Khentzen du zerutik eta lurraren gainera bulkatzen. Haren karrosa hutsak, ohiko ingurua, bere baitarik egiten zuen, gizonei gauak eta egunak emaiteko, hilen mudantza higualekin.
Apolon, bere arraio guzietarik buluzia, artzain egitera bortxatua izan zen, eta Admete erregearen artalden zaintzera. Xirula joiten zuen, eta bertze artzain guziak heldu ziren, zuharren itzalean, iturri garbi baten bazterretan, haren kantuen entzutera. Ordu arteraino bizitze basa eta abre bat erabili izan zuten. Ardi zaintzen, heien mozten eta daizten, eta gasna egiten baizik etzakiten. Elgi guzia mortu lazgarri baten pare zen.
Epe laburrik artean, Apolonek bertze artzain guziei bizia atsegingarri eragin dezaketen antzeak erakatsi ziotzaten. Kantatzen zituen liliak, zoinetaz koroatzen baita udaberria, berduratzen dituen baltsamuak eta haren zango pean sortzen den hostaia. Gero kantatzen zituen udako gau gozoak, zeinetan haize eztiek gizonak freskatzen baitituzte eta ihintzak asetzen baitu lurraren egarria. Bere kantetan aipatzen ere zituen fruitu urheztatuak, zeinetaz udazkenak laborarien nekheak sariztatzen baititu, eta neguko astia, zeintan sutondoan jauzkatzen baita gazteria erhoa. Azkenekotz, erakusten zituen mendiak estaltzen dituzten oihan ilhunak eta haran barrenak, zoinetan hibaiak, mila itzul inguruz iduri baitute dostatzen direla pentze xarmagarrietan. Huneletan artzainei erakatsi izan zioten zein diren elgiko biziaren atseginak, ethorki lañoak dituen maitagarritasunez gozatzen dakitenentzat.
Laster artzainak, beren xirulekin, erregeak baino dohatsuago ediren ziren, eta heien etxolek, jauregi urheztatua ihes egiten dioten atsegin garbiak, multzuka bereganatzen zituzten. Egun guziak best-egunak ziren. Etzen gehiago entzuten xorien kantu errepika baizen, edo zuhañ adarretan dostatzen ziren haizeen hats eztia, edo zenbait gerenden gainetik erortzean ur argi batek egiten zuen azantza, edo Musek Apoloni zarraizkon artzainei usnatzen ziotzaten kantoreak. Jainko hark erakasten lasterkako prezioaren eramaiten, eta oihanetan oreñen eta orkatzen hiltzen. Jainkoak berak artzainez bekaiztu ziren. Gozoagoa iduritu zitzaien bizi hori ezenetz beren ospe guziak, eta Apolon Olinpara berriz deitu izan zuten.
Ene semea, kondera hunek argitu behar zaitu, Apolon izan zen hein berean zarenaz geroztik. Lur basa hori apaintzazu, hark bezala liliaraz zazu mortua. Kanta zoin den xarmagarri erakats zozute artzain hoiei guziei. Goza zaitzu hoien bihotz basak. Erakuts zozute prestutasun maitagarria. Usnaraz zozute, apartasun hunetan, zein diren gozagarri laido gabeko atseginak, artzainei deuserek idek ez dirotenak. Izanen da egun bat, ene semea, non erregeak inguratzen dituzten lastima eta grina minek, tronuaren gainetik, artzainen bizitzeaz bekaiztiaraziren baitzaitzute.
Hola mintzatu ondoan, Termozirizek xirula bat eman zeraudan, hanbat eztia, non ene ingurura hauzoko artzain guziak laster bilarazi baitzituzten mendietako oiharzunek, zeinek alde guzietara ihardetsi baitzuten. Ene boza ahoak ezin erran bezain goiherea zen. Nere baitan irakin bat eta zoramendu bat bezala frogatzen nintuen, ethorkiak elgia apaintzen duen berregintzen kantatzeko. Egun osoak eta gauetarik parte bat kantuz elkarrekin iragaiten gintuen. Artzain guziak, etxolak eta artaldeak ahantzirik, luzatuak, muitu gabe, ene inguruan bazauden, erakasten hari natzaiotenean. Mortu heiek iduri zuten deus basarik etzutela gehiago. Han oro ezti eta xarmagarri ziren. Hango jendeen gortesiak iduri zuen lurra amultsutzen zuela.
Ardura sakrifizio egitera biltzen ginen Apolonen tenplo hartara, zeinetan Termoziriz apez baitzen. Artzainak, jainkoaren ohoretan, erremuz khoroaturik hara goaten ziren. Neskatilak ere dantzan goaten ziren, lili khoroekin eta dohain sakratuak saskietan. Sakrifizioaren ondoan, ontuntza laño bat egiten ginduen. Gure janharirik gozoenak ziren ahuntzen eta ardien esnea, —zeinen daizteko arta gerorrek hartzen baikinduen—, gure eskuz berriki bildu fruituak, hala nola datak, pikoak eta mahatsak. Sorropilak ziren gure jarlekuak. Gure zuhañek itzal bat emaiten zeraukuten erregeen jauregietako bobeda urheztatuena baino atsegingarriagoa.
Bainan huna zerk artzainen artean ezarri nintuen arras ospe handitan. Egun batez, lehoin goseak errabiatu bat nere artaldera jauzi zen. Jadanik abiatzen zuen sarraski izigarri bat. Nere makila baizik ez nuen eskuan. Ozarki hurbiltzen naiz. Lehoinak harrotzen du bere ilaia, bere litaginak eta aztaparrak erakusten deraizkit. Zabaltzen du zintzur bat idorra eta su zariona. Bere bi saihetsak bere buztan luzeaz zaflatzen ditu. Lurrera ardikitzen dut. Egiptoko artzainek ibiltzen duten erreztunka egin gerruntzea soinean nuen, eta hark porroskatzetik begiratu ninduen. Hirur aldiz erauzi nuen, hirur aldiz xutitu zen. Haren marrobiek oihan guziak inharrusten zituzten. Azkenekotz besoen artean itho nuen, eta artzainek eta garhaiziaren ikuslek, nahi izan zuten jauntz nezan bestia izigarri haren larrua.
Egintza horren ospeak eta gure artzain guzien ganbiamendu ederraren berriak, Egipto guzia jo zuten. Heltu ere izan ziren Zezoztrizen beharrietaraino. Jakin zuen feniziendartzat gathibu hetarik bietarik batek, urhezko mendea bihurrazi zuela nehor ezin egonezko mortu hetara. Nahi izan ninduen ikusi, ezen Musak maite zituen, eta gizonak argi diroten gauza guziek ukitzen zuten haren bihotz handia. Ikusi ninduen, eta atseginekin entzun, eta agerri zuen Metofizek jaramankeriaz enganatu zuela. Behin-bethiko zepoetara kondenatu zuen, eta zuzen kontra gozatzen zituen aberastasun guziak edeki ziotzan. Erraiten zuen:
— Ala dohakabe baita bertze gizonak baino gorago izaitea! Maiz egia ez daite bere begiz ikus. Manatzen dueneraino heltzetik trabatzen duten jendez inguratua izaiten da. Bat bederari bazaio haren enganatzea. Bakotxak, khar itxura baten azpian, bere anbizionea gordatzen du. Alegia errege maite, ez dute maite hark emaiten dituen aberastasunak baizen. Hain guti maite dute, non haren begitartearen bereganatzeko, lausengatzen baitute eta traditzen.
Gero amodiotsuki erabili ninduen, eta ene Itakara egortzeko gogoa hartu zuen untzi eta tropekin, Penelopa bere gizongei guzietarik libratzeko. Jadanik untziak abian ziren, eta ezkinduen hetan sartzea baizik gogoan. Miretsia nindagoen zoriaren ukaldiei, zoinak bat batean goratzen baititu gehienik apaldu izan dituenak. Frogantza horrek, Ulize, zonbait pairakuntza luzeren ondoan, bere erresumara bihur ahal zitakeielako peskiza emaiten zerautan. Gogoratzen zitzaudan oraino berriz ikusiren ahal nuela Mentor, Etiopiako herririk gutienik ezagutuetara eramana izan zen arren.
Haren berririk jakin ahal nironetz, ene abiadura apur bat gibelatzen nuelarik, Zezoztriz, zeina adin handian sartua baitzen, bet-betan hil izan zen, eta haren heriotzeak zorigaitz berri batzuetan pulunpatu ninduen.
Galtzapen hortaz ezin sosegatua agertu zen Egipto guzia. Mainada bakotxak, bere adiskiderik minena, bere laguntza, bere aita galdu zuela uste zuen. Zaharrek, eskuak zerura goitituz, erraiten zuten:
— Egundaino Egiptoak ez du izan errege bat hain ona! Behinere bertze holako bat ez du izanen! Oi jainkoak! Edo etzen behar gizonei erakutsi, edo etzitzaioten behin ere khendu behar! Zertako behar dugu Zezoztriz handia hil ondoan bizi!
Gazteriak erraiten zuen:
— Egiptoaren peskiza galdua da. Dohatsu izan dira gure aitak hanbat errege onaren azpian bere biziaren iragaiteaz. Guk, ez dugu ikusi, zein lastimagarria den haren galtzapena jakiteko baizen.
Haren sehiak gau eta egun nigarretan zauden. Erregeren froguak egin zirenean, berrogoi egunez populurik urrunenek multzuka hara laster egin zuten. Bat bederak oraino behin nahi zuen ikusi Zezoztrizen gorputza. Bakotxak haren iduria nahi zuen begiratu. Bat baino gehiagok nahi izan zuten harekin ehortziak izan.
Bainan huna zerk mindu zuen oraino haren galtzeko atsekabea. Bokoriz, haren semeak, etzuen ez ikustaterik arrotzentzat, ez jakitatentzat lehiarik, ez prezamendurik gizon prestuentzat, ez ospearen amodiorik. Aitaren handitasunak parte, semea bilhakarazi zuen erreginatzeko hain merezimendu gabea. Gurikerian eta buruiope muthiri batean hazia izan zen. Ez deusentzat hartzen zituen gizonak, ustez harentzat baizik etzirela eginak, eta bera hetarik bertze ethorki batetakoa zela. Etzen alha bere lehien asetzeaz baizen. Barraiatzeaz haren aitak hanbat artarekin bildu izan zituen dirutze ezin kondatuak. Populuen toleiatzeaz, dohakabeen odolaren zurgatzeaz, eta inguratzen zuten gazte zoroen erran lausengariei jarraikitzeaz, noiz-eta-ere bere ganik arbuiagarriki urruntzen baitzituen haren aitaren konfidentzia izan zuten zahar umoak. Abre basa bat zen etez errege. Auhenetan zagoen Egipto guzia, eta nahiz Zezoztrizen izenak, Egiptoarrei hanbat maitea, jasanarazten zioten semearen bizitze bihotz gabea eta krudela, bere galtzapenera semeak laster egiten zuen; eta printze batek, erreginatzea hain guti merezi zuena, tronuan etziron luzez iharduk.
Ez nuen gehiago zeren alha Itakara itzultzeko peskizarik. Dorre batean egon nintzen itsas bazterrean, Pelusako ondoan. Han, Zezoztriz hil ez balitz, behar ginen untzietan sartu. Metofizek bere zepoetarik atharatzeko eta errege berriarekin ongi jartzeko xotiltasuna izan zuen. Dorre hartan preso ezarrarazi ninduen, eragin niotzan bidegabez aspertzeko. Gauak eta egunak ilhundura lastimagarri batean iragaiten nintuen. Termozirizen ethorkizuneko solas guziak eta harpean entzun nintuenak, etzitzauzkidan gehiago amets bat baizik iduritzen. Atsekaberik minenean mainhatua nintzen. Ikusten nuen nola uhinek zafratzen zuten dorrearen hondoa. Ardura beha egoiten nintzen pesiaz erabiliak ziren untziei, eta zoinak dorrea asentatua zen gerendetan porroskatzeko lanjeretan baitziren. Urrun hestura hartan zirenak urrikari izaitetik, heien zoriaz bekaizten nintzen. «Laster —nioen nere baitan—, beren biziko dohakabetasunak ahituren dituzte, edo beren sor-lekura helturen dira. Oi nonbait! Ez bataren, ez bertzearen peskizarik ezin duket».
Hola damu alferretan hiratzen hari nintzelarik, ikusi nuen mastazko oihan bat bezala. Haizeek hanpatzen zituzten belaz estalia zen itsasoa. Ura harrapoz zuritzen zen ezin kondatuzko arrauen ukaldien azpian. Alde guzietarik oihu nahasi batzu entzuten. Itsas bazterrean ikusten nuen egiptoarretarik parte bat, izitua, harmetara laster egiten. Bertze batzuek iduri zuten heltzen ziren untzien aintzinera zoazela. Laster ezagutu nuen untzi arrotz hek batzu Feniziakoak eta bertzeak Ziprakoak zirela, ezen ene dohakabetasunek itsasoko goiti beheitietan jakintsun eragiten abiatu ninduten. Egiptoarrak iduritu zerauzkidan bi aldetara bereziak. Errexki sinetsi nuen Bokoriz zoroak, bere bihurrikeriez, oldarrarazi zuela bere azpikoetarik parte bat eta elkarren arteko gerla biztu. Dorrearen gainetik sarraskizko gudu baten lekuko izan nintzen.
Kanpotarrak laguntzara galdegin zituzten egiptoarrek. Heien jauspena lagundu ondoan, akometatu zituzten bertze parteko egiptoarrak, zeinek errege baitzuten buruzagi. Errege hura ikusten nuen bere soldadoen sustatzen bere egintzez. Marz jainkoaren pare agertzen zen; odol ithurriak zurrutatzen ziren haren inguruan; odol beltz, lodi eta harrapotsu batez kutsatuak ziren haren karrosako arrodak, eta nekez baizen etzitazkeien iragan hil lehertu meten gainetik. Errege gaste hura, ontsa egina, hazkarra, bekoki gora eta superrekoa, errabia eta etsimendua begietan zabilan. Ahorik ez duen zaldi eder baten pare zen. Bere bihotzak itsura bulkatzen zuen, eta zuhurtasunak etzuen amorrean idukitzen haren balentzia. Etzakien ez bere hutsen xuxentzen, ez manu garbien emaiten, ez hedatzen mehatxatzen zuten gaitzeraino, ez gehienik behar zituen gizonen ihardukitzen. Ez antze eskasa zuelakotz. Haren argiek haren bihotza higualtzen zuten, bainan etzen behin ere zorigaitzaz erakatsia izan. Haren nausiek lausenguaz gaizkuratu zuten haren ethorki ederra. Bere bothereaz eta bere zorionaz horditua zen. Uste zuen guziek haren lehia erhoei amor eman behar ziotela. Kontrestarik den gutienak jauzarazten zuen haren oldarra. Orduan etzen gehiago zuzen mintzo, bere baitarik kanpo bezala zen; bere urguilu muthiriak abre basa bat eragiten zuen. Berenaz zuen ontasunak eta adimendu zuzenak uzten zuten apur bat. Haren zerbitzari zinenek ihes egitera bortxatuak ziren. Etzuen gehiago maite haren lehiak lausengatzen zituztenak baizen. Hala hala, bethi bere egiazko onaren bidegabekin, sobranietan zuen laket, eta behar den bezalako jende guziak bere manamendu erhoaren higuintzera bortxatzen zituen.
Luzez etsaien osteari iharduki zioen bere balentziaz, bainan azkenekotz gainditua izan zen. Hiltzen ikusi nuen. Bulharretan sartu zitzaioen feniziendar baten dardoa. Estekak galdu zituen eskuetarik, karrosatik zaldien azpira erori zen. Ziprako soldado batek burua ebaki zioen, eta iletarik harturik, ospez bezala, armada garhaitzaile guziari erakutsi zioen.
Bizi naizeno orhoituren naiz buru hura ikusirik odolean igeri, begi hek hertsiak eta iraungituak, begitarte hura hitsa eta desegina, aho hura erdi-idekia, hasi zituen zonbait hitz akabatu nahi zituela iduri, bekunde super eta mehatxagarri hura herioak berak ezin borratu zuena. Bizi naizeno ene begien aintzinean izanen da, eta egun batez jainkoek erreginarazten balin banindute, ez niro ahantz, hanbat ikusgarri dohakaberen ondotik, errege batek ez duela manatzea merezi eta bere botherean ez dela dohatsu, non ez duen bothere hura zuhurtziari azpikotzen. Eta zer dohakabetasuna gizon batentzat, bertze guzien zorionaren egiteko berezia, hanbat gizonen nausi ez izaitea heien dohakabe eragiteko baizen!
BIGARREN LIBURUAREN AKABANTZA
HIRUGARREN LIBURUA
Kalipzok espantiturik entzuten zituen hain solas zuhurrak. Xarmagarrienik edireiten zuen ikusteaz Telemake lañoki aithortzen, sobra lastertasunez eta ez aski ethorkor izanez, Mentor zuhurraren aldera egin zituen hutsak. Bihotz bat miresgarri bezain handia eta gora edireiten zuen gizon gazte haren baitan, zoinak bere burua hogendun aitortzen baitzuen, eta bere arinkeriez hanbat ongi baliatu zela, zuhur, geroaren beldurti, eta oraikoan begiratu bilhakatzeko.
— Nere Telemake maitea, —zioen— aintzina mintza zaite. Berantzen zaut jakitea heia nola athara zinen Egiptotik eta non berriz ediren zinduen Mentor zuhurra, zeinaren galtzea hanbat arrazoinekin minki hartu baitzinduen.
Telemake huneletan bere solasari berriz lotu zen:
—Egiptoar prestuenak eta erregeren aldera zinenak, bentzutuak izanez, eta errege hila zela ikusirik, bertzei amor emaitera bortxatuak izan ziren. Termutis deitzen zen bertze errege bat altxatua izan zen. Feniziendarrak Ziprako tropekin gibelat bihurtu ziren errege berriarekin batasuneko patuak egin ondoan. Termutizek bihurtu zituen preso ziren feniziendar guziak, eta heiekin batean sartua izan nintzen. Dorretik ilkiarazi ninduten. Bertzekin baltsan sartu nintzen untzian. Berriz peskiza abiatu zen ene bihotzaren zolan izarniatzen. Jadanik haize on batek gure belak hanpatzen zituen. Sakerek arrauekin urratzen zituzten uhin harrapotsuak. Itsaso zabala untziz estalia zen. Mariñelak irrintzinaz zauden. Goihenak eta mendiak higualtzen ziren emeki-emeki. Abiatzen ginen ez gehiago ura eta zerua baizik ikusten, noiz-eta-ere atharatzen zen iguzkiak iduri baitzuen itsaspetik bere su izarniatiak ilkiarazten zituela. Haren arraioek urheztatzen zituzten mendi gainak, zeinak oraino apur bat ortzira ikusten baikintuen, eta zeruak, urdin uher batez karantzatuak, piaia on bat agintzen zeraukun.
Feniziendarra bezala egorria nintzen arren, enekin ziren feniziendarretarik batak ere ez ninduen ezagutzen. Narbalek, zeinak manatzen baitzuen ni ezarri ninduzten untzian, galdegin zerauzkidan ene izena eta ene herria, ziolarik:
— Feniziako zein hiritako zara?
— Ez naiz feniziendarra —ihardetsi nioen—, bainan egiptoarrek Feniziako untzi batean itsasotan atzaman ninduten. Feniziendarra bezala Egiptoan gathibu egotu naiz. Izen hunen azpian luzez pairatu izan dut; izen hunen azpian libratu naute.
— Zein tokitakoa zara bada? —erran zeraudan Narbalek.
Orduan huneletan mintzatu nintzaioen:
— Telemake naiz, Ulize, Grezian Itakako erregearen semea. Ene aitak bere burua deitatu du Troiesko hiria sethiatu izan duten bertze errege guzien artean, bainan ez diote jainkoek eman bere sor-lekuaren berriz ikustea. Asko lekutan bilhatu izan dut. Zoriak hari bezala jazartzen deraut. Dohakabe bat ikusten duzu, zoinak beretara itzultzeko eta bere aitaren edireiteko zorionarentzat baizen ez baitu lehiarik.
Narbal espantimendurekin begiratzen zitzaudan eta ene baitan ez dakit zer dohatsurik ikusten zuela iduritzen zitzaioen, bertze gizonen arrontean edireiten ez denik. Ethorkiz zina eta bizarra zen. Ukitua izan zen ene dohakabetasunaz, eta mintzatu zitzaudan fidantzia batekin, zeina jainkoek usnatu baitzioten, hestura handi batetarik begira nintzan amoreagatik.
— Telemake —erran zeraudan—, zure erranez ez dut dudarik, eta hetaz dudatzen ere ez nakike. Begitartean izartuak dituzun eztitasunak eta prestutasunak zure gainean idurikortasunik ez deraute uzten. Hautemaiten dut ere jainkoek, zeinak bethi zerbitzatu baititut, maite zaituztela, eta nahutela nik ere maita zaitzadan, nere semea bazina bezala. Kontseilu on bat emanen derautzut, eta saritzat ixiltasuna baizen ez derautzut galdegiten.
Ihardetsi nioen:
— Etzaitezila beldurti lerrakortasunik den gutiena izan dezadan niri konfidatu nahiko dituzun gauzen gainean. Zenbat gazte naizen arren, nere sekretuaren behin ere ez erraiteko azturan ohitua naiz, eta oraino hobeki bertzerena, zer nahi estakururen azpian, ez behin ere salhatzean.
Erran zeraudan:
— Nola, hanbat gaztetasun handian ixiltasunari jarri ahal izan zara? Ongi atseginekin adi nezake heia zer mainaz onhetsi izan duzun begirakortasun hori, zeina baita gobernu zuhurrenaren asentua, eta zeina gabe alferrak baitira bertze antze guziak.
— Ulizek —erran nioen—, Troiesko sethiora abian, besoetan eta belhaunen gainean hartu omen ninduen. Maiteki besarkatu ondoan, hitz hauk erran zerauzkidan, ezin entzun netzakeien arren: «Oi ene semea! Jainkoek begira nezatela hire sekulan ikustetik. Lehenago Parkek hire egunen haria ebaki dezatela, noiz-eta-ere hasia baizik ez baita, hala nola epaileak bere segaz zabaltzera abiatzen den lore uzter bat ebakitzen baitu. Ene etsaiek leher ahal hezatela hire amaren eta nere begietan, gaizkindu behar balin baduk egun batez eta prestutasunari ihes egin! Oi ene adiskideak! —zioen oraino—. Hanbat maite dudan seme hau uzten derautzuet. Hunen haurtasunaz arta izan zazue. Baldin maite banauzue lausengu galgarria urruntazue hunenganik. Bere buruari gaihentzen erakatsozue. Izan dadiela zuhañ tantai baten pare, zoina uzter delarik xuxentzeagatik zuflarazten baitute. Oroz gainetik ez dezazuela deusere gupidets hunen bilhakarazteko zuzen, ongiegile, egiati, eta zin ixiltasunaren begiratzeko. Gezur erraiteko gai denak ez du gizontzat behatua izaitea merezi, eta nork ere ixiltasunaren begiratzen ez baitu haina manamenduaz ez da gai.
Hitz hauk erraiten deraizkitzut, neorriri ardura erraiteko arta hartu izan baitute, eta nere bihotzaren barreneraino sartu baitira. Ardura nere baitan erreberritzen ditut.
Goizdanik ixiltasunari laketarazi ninduten nere aitaren adiskideek. Haurtasunik samurrenean nintzen oraino, eta jadanik konfidatzen zerauzkidaten jasaiteko zituzten bihotz minak, ikusteaz ene ama ausart multzu handi baten buruiopean, zeinek harekin ezkondu nahi baitzuten. Hola, ordudanik gizon umo eta segur batentzat nindaukaten. Egiteko handienez ixilik mintzatzen zeraizkidan. Gizongeien urruntzeko egin gogo ziren gauza guziez jakintsun egiten ninduten. Hazia nintzen nere baitan zuten konfidentziaz. Jadanik gizon egin batentzat naukan nere burua. Behinere ez dut hutsik egin. Egundaino etzait hitz bakar bat lerratu sekreturik ttipiena ageraraz zezakeienik. Ardura gizongeiak ni mintzarazi nahiz destatzen ziren, haur batek zerbait inporta zuenik ikusi edo entzun balin bazuen etzuelakoan jakinen begiratzen. Bainan, gezurrik gabe, eta erran behar etzirenak begiratuz, ihardesten ongi jakina nintzen.
Orduan Narbalek erran zeraudan:
— Ikusten duzu, Telemake, feniziendarren botherea. Beren ezin kondatuzko untziez lotsagarri dira inguruetako jendaia guziei. Herkulen harroinetaraino egiten duten tratuak, aberastasun batzu emaiten diotzate, jendaia aberatserenak iragaiten dituztenak. Zezoztriz handiak, zeinak itsasoz behin ere ez baitzituen bentzuturen, ongi nekhez garhaitu zituen lurrez, Oriente guziaz nausitu zen armada berekin. Luzez pagatu ez dugun zerga bat ibendu zeraukun. Aberatsegi eta sobra botheretsu ziren feniziendarrak luzez pairatuki egartzeko gathibuen uztarria. Gure libertateaz jabetu ginen. Gure kontrako gerlaren akabatzeko astirik Zezoztrizi heriotzeak etzioen utzi izan. Egia da haren zuhurtasunaz guziz beldur izaiteko ginduela, oraino haren bothereaz baino gehiago, bainan haren botherea, haren semearen eskuetara iragaitean, zoina baitzen zuhurtzia guzitarik gabea, egin ginduen ez ginuela gehiago deusen beldur izaitekorik. Haletan, egiptoarrak urrun berriz gure lurretara harmetan sartzetik, gu zebatu nahiz oraino behin, bortxatuak izan dira gure deitzera laguntzara, errege inpio eta erho hartarik beren buruen libratzeko. Heien libratzaileak izan gara. Zer ospea feniziendarren libertateari eta aberastasunei eratxikia!
Bainan bertzen libratzen gabiltzanean, geror gathibu gara. Oi Telemake, eror beldur izan zaite Pigmalion, gure erregearen eskuetara. Esku krudel hek, Didon bere arrebaren senharraren odolean baltsatu ditu. Didonek, aiherkundezko lehiaz bethea, Tirretik ihes egin du untzi multzu batekin. Prestutasuna eta libertatea maite duten gehienak hari jarraiki dira. Afrikako bazterrean, Kartago deitzen den hiri eder bat asentatu du. Pigmalion, aberastasunen egarri ezin ase batez toleiatua, bere azpikoei egunetik egunera arbuiagarriago eta higuinago eragiten du bere burua. Dainu beltza da Tirren ontasun handiak izaitea. Jaramantziak gibel-beldur, aiherutsu eta krudel bihurtzen du. Aberatsei jazartzen diote. Erromesen beldur da.
Prestu izaitea Tirren dainu bat da oraino beltzagoa, ezen Pigmalionek uste du onek ez dirotela jasan haren egitate zuzen kontrakoak eta laidotsuak. Berthuteak kondenatzen du. Uhertzen, sumintzen da haren alderat. Orok, asaldatzen, khexatzen eta korromiotzen dute. Lazten du bere itzalak. Ez du lorik ez gabaz, ez egunaz. Jainkoek, haren mortitzeko, gozatzera ezin mentura daiten aberastasunez gaintitzen dute. Zer ere dohatsu izaiteko bilhatzen baitu, hark berak dohakabetzen du. Emaiten dituen guziak gupidesten ditu, bethi gal beldur da. Irabazi nahiz bere burua toleiatzen du.
Bakan agertzen da. Bakarrik, ilhun, eroria, bere jauregiaren zolan dago. Adiskideak berak etzaitza hurbiltzera ausartatzen, begietan har detzan beldurrez. Guardia lazgarri batek bethi ezpatak buluziak eta pikak airean dauska haren egoitzaren inguruan. Hogoi eta hamar gela batetik bertzera bidea dutenak eta burdinazko athe bana seira pintroil lodirekin, dira Pigmalion sarturik dagon lekua. Nehork behin ere ez daki gela hetarik zeintan etzaten den, eta sarraski beldurrez, ez omen da behin ere ber batean bi gauez etzanen. Ez ditu ezagutzen ez atsegin gozoak, ez adiskidantza oraino gozoagoa. Baldin bozkarioa bilhatzeaz aipatzen bazaio, haren ganik urrun ihes egin duela ohartzen da, eta haren bihotzean sartzea herabe duela. Haren begi sartuak su karrats eta basa batez betheak dira. Baratu gabe alde guzietara nahasiak dabiltza. Azantz den gutienari beharria luzatzen du. Dena laztua edireiten du bere burua. Zurpildua da eta desegina. Grina beltzak karantzatuak dira haren bekunde bethi ifrentziatuan. Ixiltzen da, auhendatzen da, hasbeherapen luze batzu ilkitzen ditu bihotzaren zolatik. Barrena sastakatzen diotzaten korromioak ezin gorde detzake. Janharirik gozoenek nakaizten dute. Haren haurrak, urrun haren peskiza izaitetik, haren lazgarri dira. Bere etsairik gaitzenentzat dauzka. Bizi guzian apur bat ez du izan segurik. Bere burua ez du begiratzen beldur denen odola ixuriaren bortxaz baizen. Erhoa, ikusten ez duena bere krudelitateak, zeinetan fidatzen baita, galduren duela! Haren sehietarik zonbait, hura bera bezain idurikorrik, lehenduko da abre basa hartaz gizonen libratzera.
Ni, jainkoen beldur naiz. Zer nahi gostarik ere, eman derautedan erregeari zin geldituren naiz. Nahiago nuke hilarazten banindu, ezenetz nerorrek hari bizia khendu, edo haren alde jartzeari huts egin. Bainan zuk, oi Telemake, begira duzula Ulizen semea zarela erraitetik! Uste luke Ulizek, Itakara itzultzean, zerbait dirutze handi eman lezokeiela zure gibelat erosteagatik, eta preso iduk zintzake.
Tirrera heltu izan ginenean, Narbalen erranei behatu nintzen, eta ezagutu nuen egiaz mintzatu zitzaudala. Nere baitan etzitaken sar, Pigmalion iduritzen zaudan bezain dohakabe, gizon batek bere burua eragin zezakeiela.
Harritua nintzen. Egundaino ez nuen ikusi hain gauza izigarririk. Nere baitan egiten nuen: «Horra gizon bat bere buruaren dohatsu eragitea baizen bilhatu ez duena. Aberastasunez eta nausitasun gainditu batez uste izan du zoriona ardietsiko zuela. Nahi duzkeien guziak baditu, eta bere aberastasunek eta bere nausitasunak berak daukate lazerian. Artzain balitz, ni berriki nintzen bezala, ni izatu naizen bezain dohatsu leiteke. Elgian izaiten diren goibelgabeko atseginez goza laite eta korromiorik gabe goza laite. Ez luke ez marrauzaren ez pozoinaren beldurrik. Maita leitzake gizonak eta hetaz maitatua laite. Ez lituzke aberastasun handi hek, legarra bezain alfer zaitzanak, heien ukitzera ezin mentura ditakenaz geroz, bainan lurreko fruituez bere gogara goza laite eta ez liro paira egiazko beharrik. Bere nahikari guziak bethatzen dituela iduri du, bainan hartarik urrun da. Bere lehia basek nahi dituzten guziak egiten ditu. Bethi, bere jaramantziak, bere beldurrak, bere aiheruek herrestatzen dute. Bertze gizonen nausi dela iduri du, bainan ez da bere buruaren jabe, ezen hanbat nausi eta burreu baditu, nola lehia muthiri.
Holako gogoetak nerabiltzan Pigmalionen gainean, bera ikusi gabe, ezen etzen ikusten. Bakarrik lazturarekin behatzen zen dorre gora heiei, gau eta egun guardiaz inguratuak, zeinetan bere burua preso bezala ezarri baitzuen bere diruekin. Ezin ikus daiten errege hura Zezoztrizi konparatzen nuen, zeina baitzen hain eztia, hurbil errexa, lañoa, arrotzen ikusteko lehiatia, hain atzarria guzien entzutera, eta gizonen bihotzetik atheratzera erregei gordetzen ohi zaien egia. «Zezoztriz —nioen—, etzen deusen beldur, eta etzuen ere deusen beldur izaitekorik. Bere umei bezala bere azpiko guziei agertzen zen. Ororen beldur da Pigmalion eta ororen beldur izaiteko du. Heriotze lastimagarri bati bethi paratua dago errege gaixtagin hau, bere jauregi ezin hurbilduan ere bere guardien erdian. Aitzitik, Zezoztriz ona segurean zen populu osteen erdian, aita on bat bere etxean bere mainadaz inguratua dagoenean bezala».
Pigmalionek manatu zuen gibelat egorriak izan zitezin Ziprako tropak, haren laguntzera ethorriak zirenak, bi populuen artean ziren batasuneko patuen kariaz. Narbal gerthu hartaz baliatu izan zen ene libertatean ezartzeko. Zipriendarren artean iraganarazi ninduen, ezen errege aiherutsu zen gauzarik ttipienetan.
Errege sobra errexen eta alferren baia da, gizon galdu eta amarrutsu maitatu dituzten zonbaiti konfidentzia itsu baten emaitea. Aitzitik, hunen baia zen, gizon prestuenentzat mesfida izaitea. Etzakien berezten gizon zuzenenak, arronkienik eta beren buruak gorde gabe zabiltzanak. Hargatik etzun egundaino gizon zuzenik ikusi, ezen halako gizonak ez dabiltza hain errege galduaren ondoan. Bertzalde, tronuraz geroz, zerbitzatu zen gizonetan ediren zuen hanbat gorderailu, fede gaixto eta bizio izigarri, bertutearen itxuraren azpian agertzen zirenak, non guziei arrontean gordeak balira bezala behatzen baitzaien. Prestutasun zinik lurraren gainean etzela asmatzen zuen. Holetan gizon guziak higualtsuak zauzkan. Gizon bat tzarra edo faltsua edireiten bazuen, etzuen bertzerik bilhatzen, bertze bat ustez etzela izanen hobea. Onak gaixtagin agerrituenak baino areagoak iduritzen zaitzan, zeren bardin gaixto eta enganatzaileago uste baitzituen.
Nitara itzultzeko, zipriendarren artean itzalia izan nintzen, eta erregeren idurikortasun zorrotzetik begiratua. Narbal ikaran zagoen, agertua izan nindedin beldurrez: bizia biei gostaren zitzaukun. Ezin sinetsia zen zenbat zen khexu gu abiatzen ikusi nahiz, bainan kontrako haizeek aski luzez Tirren igurikazi zeraukuten.
Epe hartaz baliatu nintzen feniziendarren azturen ezagutzea, populu bertze guzietan hanbat deitatua. Miretsia nindagoen hiri handi haren estanta prezagarriari. Irla batean itsasoaren erdian jarria da. Hurraneko itsas bazterra xarmagarri eragiten dute bere nasaiziak, ekartzen dituen fruitu onek, hiri eta herrien usutasunak, zoinek abantzu elkar ukitzen baitute; azkenekotz, airearen eztitasunak, ezen mendiek bazter hura gerizatzen dute eguerdiko haize erregarrietarik. Iparrak itsas aldetik frezkatzen du. Toki hura Libango mendiaren azpian da. Mendi haren kapeta, hodoiak urratuz, izarretaraino heltzen da. Egundaino urtu ez den horma batek estaltzen du haren bizkarra. Hibaiak, elhurrez betheak, farrastaka jausten dira haren kaskoa inguratzen duten gerenda muturren gainetik. Beherago ezagun da zedre zaharrezko oihan handi bat. Iduri dute berak landatuak diren lurrak bezainbat urte badutela, eta beren besanga lodiak hedoietaraino heltzen dituzte. Oihan haren azpiko aldean, mendiaren mazelan, badira alhapide gizen batzu. Han, alde guzietara barraiatuak, ageri dira zezenak orroaz eta ardiak marrakaz beren bildots amultsuekin, belhar freskoaren gainean jauzika dabiltzanak. Han, mila xirripak bolatzen dute beren ur argia. Azkenekotz, alhapide hetarik beherago, ezagun da mendi azpia, baratze baten pare dena. Han, udaberria eta udazkena elkarrekin erreginatzen dira, loreak eta fruituak batetaratzeko. Egundaino ez hegoaren hats izurritia bazter guziak idortzen eta erratzen dituena, ez mendebal garratza, ez dira ausartatu baratze hura berregintzen duten karantza bizien histera.
Bazter ejer haren aldean altxatzen da Tir jarria den irla. Hiri handi harek igeri dagola iduri du uraren erdian, eta itsaso guziko erregina dela. Han leihor hartzen dute lurraren aurkintze guzietako tratulariek, eta hango berekoak berak dira munduko tratularirik aipatuenak. Hiri hartan sartzean, ez da behin iduritzen populu bakar batena dela, bainan populu guziena higual dela eta han dela heien tratuaren zentroa. Bi kaia handi, bi beso bezala, itsasoan sartzen dira eta portu zabal bat besarkatzen dute, zeinetan ez baitake haizerik sar. Portu hartan, untzi mastek oihan bat iduri dute, eta untziak hain dira usu, non doidoia ageri baita hek egartzen dituen itsasoa. Hiritar guziak tratuari destatzen dira eta beren aberastasun handiek, heien berhatzeko premia den lana, ez diote behin ere gaitzetsarazten. Han, alde guzietarik ezagun dira Egiptoko liho hautua eta Tirreko purpura, bi aldiz tindatua, distira miresgarri bat duena. Hain da bizia tinta doble hura, non denborak ez baitezake hits. Ile hautentzat zerbitzatzen da, zoinak urhe eta zilhar aihendaduraz berregintzen baitituzte. Feniziendarrek populu guzien tratua egiten dute Kadizeko artekaraino eta sartu ere izan dira Ozeano zabalean, zoinak lur guzia inguratzen baitu. Piaia luzeak ere egin izan dituzte Itsaso Gorriaren gainean, eta bide hartaz goaten dira ezagutuak ez diren irla batzuetara, urhearen, baltsamuen eta bertzetan ikusten ez diren azienda batzuen bilha.
Ez nintzakeien begiak ase hiri hartako begi ukaldi miresgarriaz. Han, guziak bazabiltzan bere hara-hunetan. Han, etzen ageri Greziako hirietan bezala, gizon alfer eta ikuslari batzu plazara berriketa goaten direnak, edo portura heltzen diren arrotzei behatzera. Han, gizonak badabiltza batzu untzien husten, bertzeak bere hatuen eramaiten edo saltzen, edo arrimatzen eta tratulari arrotzek zor diotzatenez kontu zuzen baten begiratzen. Emaztekiak ez dira behin ere gelditzen edo ileen irutetik, edo oihal baliosen aihendaduraz edertzetik edo plegatzetik.
Narbali erraiten nioen:
— Nontik darraio feniziendarrak lur guziko tratuaz nausitzea eta aberastea populu guzien gostuz?
— Ikusten duzu —ihardetsi zeraudan—, tratu-bidearentzat Tirren estanta ezin hobea dela. Gure sor-lekuari zaio zor itsasoan untziz ibiltzeko asmuaren ohorea. Menderik zaharrenez diotena sinetsi behar balin badugu, tiriendarrek lehenbizikorik hezi izan dute itsasoa, Tifizen eta Argonoten mende Grezian hanbat aipatua baino hainitz lehenago. Lehenbizikoak, diot, izan zirela ausartatu zirenak untzi flux batean uhinen eta kalernen gogara jartzen, itsasoko hondarrak izartu zituztenak. Lurretik urrun, egitoarren eta babiloniendarren jakitateen arabera, izarrak kontutu zituztenak. Hitz batez, hanbat jendaia itsasoaz urrunduak eratxi zituztenak. Tiriendarrak, antzos, pairakor, langile, zuhur eta bizitore dira. Polizia zorrotz bat dute. Elkarren artean batasun handian bizi dira. Ez da egundaino izan populurik gutiago mudakorrik, zinagorik, zuzen, segur eta atseginagorik arrotz guzien aldera.
Horra, gehiagokorik gabe, zerk emaiten dioten itsasoko nausitasuna, eta distirarazten duen heien portuan hain balios den tratua. Makurra eta bekaizgoa heien artean jartzen balira, gozokerietan eta alfertasunean guritzen abiatzen balira, buruzagiek lana eta zuhurtasuna arbuiatzen balute, antzeak hirian ohoretan izaitetik gelditzen balira, berek arrotzei fede eskas egiten balezate, den gutienaz mudatzen balituzte tratu libro baten bide bereziak, esku lanetan lazatzen balira, eta ez balute gehiago egin nahi premia diren abantzuak martxandisei, bakotxari bere motan, azken berreginduraren emaiteko, lurreratzen ikus ziniro miresgarri zeraitzun bothere hau.
— Bainan —nioen Narbali—, xeheki argi nazazu egun batez Itakan, hunelako tratu baten asentatzeko bideen gainean.
— Egizu —ihardetsi zeraudan—, hemen egiten den bezala. Errexki eta begitarterekin errezibi zaitzu arrotz guziak. Zure portuetan edirenarazozute segurtasuna, aisia eta libertate osoa. Ez dezazula behin ere utz zure burua, ez jaramankeriaz ez urguiluaz erabiltzera. Irabazi handiaren egiteko zinezko bidea, ez behin ere sobra irabazi nahi izaitea da, eta jakitea behar denean galtzen. Zure burua maitaraz zazu kanpotar guziei. Heien aldetik ere zerbait jasan behar duzu. Beldur izan zaite zure supertasunaz heien bekaizgoa jauzeraz dezazun. Etzaitezila mudakor izan tratuaren gaineko manamenduetan: errexak eta xeheak izan ditezila. Zure azpikoak ohiaraz zaitzu heien zorrozki begiratzen. Garrazki enganioa gaztiga zazu. Higual tratularien lazakeria edo handirasuna, zeinak tratua galtzen baitu tratulariak galtzearekin batean.
Ororen gainetik etzaitezila behin ere abia tratuari traburik emaiten, zure gogaretara hura itzularazi beharrez. Printzea ez dadiela hartan sar, traba dezan beldurrez eta utz dezala irabazi guzia bere azpikoei, zeinentzat baita nekhe guzia, bertzenaz gogoa galaraziren diote. Aski progotxu izanen du haren erresuman sartuko diren aberastasun handiez. Tratua zonbait iturrien pare da, agortzen dira beren bidetik aldarazteaz. Irabaziak eta errextasunak baizen ez dituzte zutara biltzen kanpotarrak. Gutiago errex edo balios eragiten balin badiozute tratu bidea, emeki emeki gibelatzen dira eta azkenean ez dira gehiago itzultzen, zeren bertze populu batzuek, zure zuhurtzia eskasaz baliatuz, bereganatzen eta zu gabe iragaiten ohiarazten baitituzte. Aitortu ere behar derautzut, zonbait orduz geroz, hainitz goibeldua dela Tirren ospea. Oi ene Telemake maitea, Pigmalion erregetu aintzinean ikusi bazindu, hanbatez harrituagoa izaturen zinen! Ez duzu hemen gehiago edireiten kordokan dagoen handitasun baten hondar erromesak baizen. Oi Tir dohakabea! Zer eskutan eroria hago! Bertze orduz itsasoak lurreko jendaia guzien zergak erakartzen zerauzkikan.
Ala arrotzen, ala bere azpikoen aldetik Pigmalion zer-nahidenen beldur da. Bere portuak ideki behar bidean, gure ohikunde zaharraren arabera, jendaia apartatuenen guziei libertate oso batean, jakin nahi du zenbat untzi heldu diren, heien herria, zenbat gizon dakarketen, zer tratu derailkaten, gauzen mota eta balioa, eta hemen iragaiteko duten epea. Sordei egiten du oraino: jokotria derabila tratularien enganatzeko, heien martxandizen arrestatzeagatik. Aberatsenik uste dituen tratulariak gorrotatzen ditu. Asko estakururen azpian zerga berriak ibentzen ditu. Berak ere tratuan sartu nahi du eta guziak harekin zerbait egiteko izan beldur dira. Holetan iraungitzen hari da tratua. Kanpotarrei emeki emeki arrozten zaiote Tirreko bidea, bertze orduz hanbat maite zutena, eta, baldin Pigmalion moldez ez bada ganbiatzen, laster gure ospea eta gure botherea eramanak izanen dira bertze zonbait jendaia gu baino hobeki manatua denera.
Gero galdegin nioen Narbali heia nola tiriendarrak jarri ziren itsasoz hanbat botheretsu, ezen erresuma baten manatzeko premia diren jakitate guziez nahi nintzen argitu.
— Libaneko oihanak —ihardetsi zeraudan—, untzietako zura emaiten derauku, eta hortako begiratzen dugu artoski. Hango zuhañik ez dugu behar publikoentzat baizen ibakitzen. Guk dugun on bat da, untzien egiteko, ofiziale antzosen izaitea.
Erran nioen:
— Nola egin duzue ofiziale heien edireiteko?
Ihardetsi zeraudan:
— Emeki emeki lekuaren gainean egin dira. Ongi sariztatzen direnean antzetan artexenak agertzen direnak, segur izanen da atzamaitea gizonak, hek hel ahal ditazken bezain urrun helturen dituztenak. Ezen zuhurtasun eta asmu gehienik duten gizonak egundainotik sari ona dakarketen antzei estekatzen dira. Hemen ohorezki erabiliak dira marinako zerbitzatzen diren antze eta jakitatetan gaihentzen direnak. Heinen eta negurrien ongi hartzen dakien bat behatua da. Hainitz prezatzen da izarretako ezagutza handia duena. Ontasunez gaintitzen da lema idukitzaile bat, bertzeak, bere sailean, bentzutzen dituena. Ez da arbuiatzen zurgin on bat, aitzitik ongi pagatua eta ongi erabilia izaiten da. Saker onek ere badituzte bere sari segurak eta beren zerbitzuen araberakoak. Ongi mantenatuak dira. Artatuak dira eri direnean. Piaietan direnean arta izaiten da heien emazteez eta haurrez. Nofraia batean galtzen balin badira, heien mainaden bidegabeak askiesten dira. Beren herrietara bidaltzen dira hein bat zerbitzatu direnean. Holetan bada nahi bezenbat. Aitak gogotik altxatzen du semea hanbat ofizio onean, eta haur-haurretik, arrauaren erabiltzen erakasten dio, soken hedatzen eta kalernaren arbuiatzen. Hola erakartzen dira gizonak, bortxarik gabe, sari eta manamendu onez. Nausitasun bakarrak ez du egundaino ontsa egin. Azpikoen amorra ez da aski. Bihotzak behar dira bereganatu eta gizonei beren probetxua edirenarazi, non eta ere heien antzeaz nahi baita zerbitzatu.
Solas horiek iduki ondoan, Narbalek eraman ninduen magasinen, artzenalen eta untzien egiteko zerbitzatzen diren ofizio guzien ikustera. Gauzarik ttipienen xehetasuna galdegiten nuen, eta ikasi nituen guziak iskribatzen nituen, beldurrez ahantz zerbait pontu premia zitakeienik.
Bizkitartean Narbalek, zeinak ezagutzen baitzuen Pigmalion eta maite baininduen, asti gabekiene abiatzeari begira zagoen, beldurrez agert nintzaten erregeren salhatariek, zoinak gau eta egun, hiri guzian baitzabiltzan. Bainan haizeek ez gaintuzten oraino abiatzera uzten. Xeheki portuaren ikartzen ginabiltzalarik, eta tratulari batzuei asko galderen egiten, ikusi ginduen gure gana etortzen Pigmalionen azpiko aintzindari bat. Erran zioen Narbali:
— Errege jakinik heldu da zurekin Egiptotik etorri diren untzi buruzagi batetarik, arrotz bat erakarri duzula zipriendartzat iragaiten dena. Erregek manatzen du atzamana izan dedin, eta gerthuki jakina heia zein tokitako den. Zure biziaz ihardetsiren duzu.
Ordu berean apartatuxea nintzen hurbilagodanik ikusteagatik zer hein iduki izan zuten tiriendarrek untzi berritsu baten egitean. Hain negurri zuzenetan zituen untzi harek bere alderdi guziak, non portu hartan egundaino izan zen lasterrena baitzen, eta asko galderen egiten hari nintzen, hein hek hartu izan zituen ofizialeari.
Narbalek, harriturik eta iziturik ihardetsi zuen:
— Bilhatzera noha Ziprako den arrotz hura.
Bainan aintzindari hura begietarik galdu zuenean, laster egin zuen ene gana zer hesturetan nintzen albistearen emaitera.
— Ene Telemake maitea, sobra baizen ez nintzen beldurtu! Galduak gara! Errege gau eta egun bere idurikortasunaz toleiatua, etzarela zipriendarra beldurtua da. Hartua izan zitezin manatzen du. Hilarazi nahi nau ez balin bazaitut haren eskutan ezartzen. Zer eginen dugu? Oi jainkoak! Iguzue zuhurtzia hestura huntarik ilkitzeko. Telemake, erregeren jauregira eraman beharko zaitut. Zipriendarra zarela jazarriren duzu, Amatonteko hirikoa, molde-egile baten semea. Nik erranen dut bertze orduz ezagutu izan dudala zure aita, eta behar bada erregek, gehiago ikartu gabe, goatera utziren zaitu. Ez dut gehiago zure eta ene biziaren begiratzeko bertze biderik ikusten.
Ihardetsi nuen Narbali:
— Hiltzera utzazu zoriak galdu nahi duen dohakabe bat. Oi Narbal, hiltzen badakit, eta sobra derauzut zor, zure sarrarazteko ene zorigaitzean. Gezur erraitera ene gogo ez dirot behar. Ez naiz zipriendarra, eta ez nakike erraiten hala naizela. Jainkoek ene egiatasuna ikusten dute. Heiei dagokote, hala balin bada heien nahia, beren bothereaz ene biziaren begiratzea, bainan ez dut gezur batez begiratu nahi.
Narbalek ihardetsi zeraudan:
— Gezur hortan, Telemake, gaizkirik ez da. Jainkoek berek onhets lirote. Ez du nehorri bidegaberik egiten. Bi hogengabei bizia begiratzen du. Errege bera ez du enganatzen, egitate izigarri batetarik gibelatzeko baizen. Prestutasunaren amodioa eta jainkoen damuztatzeko beldurra urrunegi heltzen dituzu.
— Aski da —erraiten nioen—, gezurra gezur izan dedin, jainkoen aintzinean mintzo den eta guzia egiari zor dioen gizon batez ez aiher izaiteko. Egiari bidegabe egiten dionak, jainkoak damuztatzen ditu eta higual bere burua, ezen bere barnearen kontra mintzo da. Ez dezazula, Narbal, gehiago aipa zutaz eta nitaz aiher ez den gauzarik. Jainkoek urrikari balin bagaituzte, berek jakinen dute gure begiratzen. Baldin utzi nahi bagaituzte galtzera, hiltzean egiaren bitimak izanen gara, eta utziren diotegu gizonei non ikus laido gabeko prestutasun bat bizitze luze bati hautesten. Jadanik nere bizia luzegia baizen ez da, hanbat dohakabea denaren gainean. Zuk bakarrik, oi ene Narbal maitea, erdiratzen duzu nere bihotza. Behar ote zen bada zure amodioa arrotz baten alderat hanbat lastimagarria izan zeitzun.
Luzez guduka hortan iraun ginduen, bainan azkenekotz gizon bat hatsak hatsari heldu zena. Erregeren bertze aintzindari bat zen, Aztarbek bidalia. (...)
Ema hura alegera, lausengaria eta sarkorra zen, bainan sedenek bezala, bihotz krudel eta gaixtakeriaz bethe bat zuen. Pigmalionen bihotzaren beretzen jakin izan zuen bere edertasunaz, izpirituaz, boz eztiaz, eta bere arrabitaren soinu xarmagarriaz. (...) Bizkitartean, harentzat etzuen arbuiorik eta nakaiztasunik baizen. Barnean emaiten zioena gorderik, hura jasan etzezakeien ordu berean, egiten zuen harentzat baizen bizi nahi ez balu bezala.
Tirren bazen Malakon deitzen zen lidiendar gazte bat, fauna, nagia, atseginetan pulunpatua. Etzuen gogorik bere larruaren garbitasunaren begiratzeko baizen, sorbalden gainera dilindan zituen ile horien kuskuilatzeko, eta bere xamarraren ixurrei bihurgune pollit bat emaiteko. (...) Arbuio Aztarberentzat erakutsi izan zuen, zeinak hartu baitzuen hisiarik gaixtoena.
Bere hudigoan, asmatu zuen Malakon iraganaraz zitakeiela erregek bilharazten zuen arrotzarentzat, eta ziotenaz, Narbalekin ethorria.
Nahi bezala sinetsarazi zioen Pigmalioni, eta egia jakinaraz zezoketen guziak irabazi zituen. Nola erregek gizon presturik ez baitzuen maite, eta heien berezten ez baitzakien, etzen inguratua gizon jaraman eta amarrutsuz baizen, bethi abian haren manu zuzen kontrako eta odol-goseen bethatzera. Holako gizonak Aztarberen eskudantziaren lotsa ziren eta erregeren enganatzen laguntzen zuten beldurrez damuzta emazte burgoitsu hura, zeinak baitzuen haren fidantzia osoa. Holetan, Malakon, hiri guzian lidiendartzat ezagutua izanagatik, Narbalek Egiptotik erakarri izan zuen arrotz gaztearentzat iragan zen. Preso ezarri zuten.
Aztarbek, beldurrez erregeri mintzatzera goan zedin Narbal eta haren enganioa ager zezan, lehen bai lehen aintzindari hura egorri zioen, hitz hauekin:
— Aztarbek debekatzen derautzu erregeri agertzetik zein den zure arrotza. Ixiltasuna baizik ez derautzu galdegiten, eta jakinen du nola errege geldiaraz zuretzat arrangurarik gabe. Bizkitartean lehen bai lehen untzietan zipriendarrekin sarrarazazu Egiptotik erakarri duzun arrotz gaztea, ez dedin ager hirian gehiago.
Narbalek, bien biziak hola begira ahal izaiteaz loriatua, ixiltasuna agindu zuen eta aintzindaria, nahi zuena ardietsi izaiteaz askietsia, itzuli zen Aztarberi bere mezuaz kontu bihurtzera.
Narbalek eta nik ederretsi ginduen jainkoen ontasuna, zeinek zintasunari bere golardoa emaiten baitiote, eta baitute hanbat ukigarri den arta prestutasunaren gatik oro menturetan ezartzen dituztenentzat. (...)
Ordu berean haizeak mudatzen zirela ohartu ginen, eta Ziprako untzientzat alde jartzen zirela.
— Jainkoak agerritzen dira! —oihu egin zuen Narbalek—. Ene Telemake maitea, segurean nahi zaituzte ezarri. Lur krudel eta madarikatu huni ihes egiozu. Dohatsu zuri jarraik ahal lizatena bazterrik gutienik ezagutuetaraino! Dohatsu zurekin bizi eta hil ahal lizatena! Bainan dohamen zorrotz batek eratxikitzen nau sor-leku dohakabe huni. Hunekin pairatu behar da. Heltu bada hunen pusken azpian ehortzia izan beharko da. Deus ez du egiten, bethi egia erraiten balin badut, eta nere bihotzak zuzentasuna baizik ez balin badu maitatzen. Zuretzat, oi nere Telemake maitea, errekeritzen ditut jainkoak, eskutik bezala zerabiltzatenak, eman dezazuten dohain guzietarik prezagarriena, zeina baita prestutasun garbia eta goibelik gabea, hil arterainokoan. Bizi zaitezi. Itakara itzul zaitezi. Sosega zazu Penelopa. Libra zazu bere gizongei ausartetarik. Zure begiek ikus ahal dezatela, zure besoek besarka ahal dezatela Ulize zuhurra, eta zure baitan seme bat ediren dezala haren zuhurtzia higualtzen duena! Bainan zure zorionean Narbal dohakabeaz orhoit zaitezi, eta bizi zireno, begira zazu ene alderako amodioa.
Hitz horiek erran zitueneko, ihardetsi gabe, ene nigarrez busti nuen. Asperen luze batzuek ez ninduten mintzatzera uzten. Elkar besarkatzen ginduen hitz bat erran gabe. Untziraino lagundu ninduen. Itsas bazterrean gelditu zen eta untzia abiatu zenean, bata bertzeari beha ginaudezin, elkar ikus ahal izan gindueneraino.
HIRUGARREN LIBURUAREN AKABANTZA
LAUGARREN LIBURUA
Kalipzo muitu gabe ordu arteo egon zen, lorietan, Telemaken gertakuntzen entzuten. Solasa trenkatu zioen zerbait pausu har zezan amoreagatik.
— Ordu da —erran zioen—, hanbat neke frogatu ondoan goan zitezin loaren gozoen dastatzera. Ez duzu hemen deusen beldur izaitekorik. Oro alde zaizkitzu. Utzazu beraz zure burua bozkalentziari. Goza zaite bakeaz eta jainkoen bertze emaitza guziez, zoinetaz gainditua izaitera baitzoaz. Bihar, noiz eta ere Ostargiak bere erhi gorriekin zabaltzen hasiko baititu Orienteko athelada urheztatuak, eta Iguzkiaren zaldiek, itsaspetik ilkitzean, hedaturen baitituzte egunaren sugarrak beren aintzinean ihes eragiteko zeruko izar guziei, orduan berriz loturen gara zure dohakabetasunen kondagailuari. Egundaino zure aitak ez du higualdu zure zuhurtasuna eta zure bihotza. Ez Achile, Hektorren garhaitzaileak, ez Theze ifernuetarik gibelat itzuliak ez eta ere Alzide handiak berak lurra hanbat mustroetarik garbitu duenak, ez dute erakutsi zuk bezenbat indar eta berthute. Zoazi, ene Telemake maitea jainkoek bihurtu derautzuten Mentor zuhurrarekin. Zoazi harpe berezi hortara, zeinetan behar diren gauza guziak zuen pausuarentzat moldatuak baitira. Otoizten dut Morfe zuen begi erorietara bere gozorik eztienak ixur detzan, jainkozko bafada bat lerraraz dezan zuen alderdi nekatuetan eta zuei igor detzatzuen amets arin batzu, zeinak zuen aldaketan dabiltzalarik zuen izpirituak lausengaturen baitituzte iduripen xarmagarrienez, eta zuenganik urrun bulkaturen, zuek lasterregi atzarraraz zaitzaketen gauza guziak.
Jainkosak berak lagundu zuen Telemake harpe berezi batetara. Etzen ez harena baino gutiago lañoa, ez gutiago atsegina. Iturri batek zoko batetarik, loa deitzen zuen azantz eme bat egiten zuen. Leku hartan ninfek arrimatu zituzten bi ohe hostoila guziz, zeinen gainean hedatu baitzituzten bi larru handi, bata lehoinarena Telemakentzat, eta bertze hartzarena Mentorrentzat.
Loaz begiak hestera utzi gabe, Mentor hunela mintzatu zitzaioen Telemaki:
— Zure gertakuntzen kondatzeko atseginak lerrarazi zaitu. (...) Hortik gathibutasun gaitzago baten atheratzea baizen ez duzu egin. Nola uste duzu jainkosak orai bere irlatik ilkitzera utziren zaituela zure gertakuntzen kondagailuaz zoratu duzun ondoan. Balenorioaren amodioak zuhurtziarik gabe mintzarazi zaitu. Gertakuntza batzuen kondatzea agindu zerautzun eta Ulizen dohamena jakinaraztea. Horietaz aipatu gabe, luzez mintzatzeko bidea ediren du eta jakin nahi zituzkeien gauza guzien xeheki erraitera amoratu zaitu. Holakoa da emazte lausengarien antzea. Oi Telemake, noiz aski zuhurturen ote zara balenorioz ez behin ere mintzatzeko? Noiz jakinen ote duzu zure alde diren gauzen begiratzen, heien erraitetik onik ez dukezunean? Bertzeak zure umotasunaz espantitzen dira, adin batean zeintan eskas izaitea barkakizun baita. Nitaz den bezenbatean, ezin deusere barka dezazuket. Bakarra naiz ezagutzen zaitudana eta aski maite zaitudana zure huts guziak zerorri erakusteko. Zonbatez oraino zure aitaren zuhurtasunetik urrun zaren!
— Zer bada —ihardetsi zuen Telemakek— gibela nintakeien Kalipzori ene dohakabetasunen kondatzetik?
— Ez —erran zuen Mentorrek—. Kondatu behar zitzaizkon, bainan egin behar zinduen urrikalmendua eman zezoketenak baizen ez erranez. Erran zinezokeien aldiz ibildaun baten pare erabilia izan zinela, aldiz gathibu Zizilian, gero Egiptoan. Aski erraitea zen.
— Zer eginen dut beraz? —erran zioen Telemakek boz eme eta ethorkor batekin.
Mentorrek ihardetsi zioen:
— Ez da gehiago muga zure gertakuntzen gainerakoa Kalipzori gordetzeko, aski badaki ezin enganatua izaiteko oraino ez dakienen gainean. Zure begirakortasuna haren behartzeko baizen ez laite orai zerbitza. Bihar akabaturen duzu beraz erraitetik zuretzat zer egin duten jainkoek, eta ikas zazu bertze aldi batez begiratukiago mintzatzen zerbait laudorio bihurraraz dezazuketen gauzez.
Telemakek amodiorekin onhetsi zituen hanbat solas zuhurrak eta etzan ziren.
Febuzek bere lehen arraioak lurreraino hedatu zituen bezain laster, Mentorrek, entzunik jainkosaren boza, zeinak bere ninfak oihanetara deitzen baitzituen, atzarrarazi zuen Telemake. Erran zioen:
— Loaren garhaitzeko ordu da. Bihur gaitezin Kalipzoren gana. Bainan nabarmen zaitezi haren solas eztiez. Ez dezozula behin ere idek zure bihotza. Haren balakuen pozoadura lausengariaz beldurti zaitezi. Barda heltzen zintuen zure aita zuhurra baino gorago, Achile ezin garhaitua, Theze deitatua, Herkule jainko bilhakatua ere baino gorago. Ohartu ote zinen zenbatez den sobranioa laudorio hori? Sinetsi ote zintuen haren solasak? Jakinzazu ez dituela berak sinesten. Etzaitu lausengatzen fluxuste zaituelakotz baizen, eta aski balenoriotsua zure burua enganatzera uzteko zure egintzei hurbiltzen ez diren laudorio batzuez.
Gero goan ziren jainkosa heien begira zagoen lekura. Irri aire batekin behatu zioten, eta, bozkario itxura baten azpian gorde zituen bihotza asaldatzen ziotzaten beldurkundea eta irakidura, ezen aintzinetik ikusten zuen, Telemake, Mentorrez lagundua, Ulize bezala eskapaturen zitzaioela.
— Ene Telemake maitea —erran zuen—, lehen bai lehen askies zazu ene lehia. Gau guzian, iduritu zaut ikusten zintudala Feniziatik abiatzen eta Zipran dohamen berri baten bilhatzen. Erran dezaguzu beraz zer izan zen piaia hura, eta ez dezagun astirik gal.
Orduan jarri ziren sorro bioletez estali baten gainean, itzal handi baten azpian. (...)
Bizkitartean ninfa guziak malgutzen ziren beharriaren hedatzeko eta ustei erdi baten moldean zauden hobeki entzuteagatik eta ikusteagatik. Guzien begiak geldi geldiak gizon gaztearen gainean zauden.
Telemake, begiak beheititurik eta ahalke maitagarri batekin, berriz hunela lotu zen bezperako solasari:
— Haize on baten bafada eztiak gure belak hanpatu zituen bezain laster, Feniziako lurrak gure begietarik suntsitu ziren. Nola zipriendarrekin bainintzen, zoinen azturak ez bainituen ezagutzen, gogoan hartu nuen ixil-ixila gauza guziei kontuz egon behar nintzela, eta begirakortasuna hein guzietan iduki, heien peretxuaren irabazteagatik. (...)
Bizkitartean beren buruak bozkalentzia zoro bati uzten zituzten. Sakerak, lanaren etsai, arrauen gainean lohakartzen ziren. Pilotoak, lorez koroaturik, lema konturik gabe, eskuetan zaukan pegar handi bat hurran hustua. Hark eta bertze guziek arnoaz nahasirik ematen zituzten kantu batzu, bertutea maite dituzten guziak laztu behar zituztenak.
Hunela itsasoko lanjerak ahanzten zituztelarik, bet-betan kalerna batek zerua eta itsasoa asaldutan ezarri zituen. Haizeak, nausituak, orroa muthiri batekin inharrusten zituzten gure belak. Tirain beltzek untziaren saihetsak zafratzen zituzten eta ahuendarazten ukaldien azpian. Aldiz tirain goratuen biskarrera igaiten ginen, aldiz iduri zuen itsasoak untziaren azpitik ihes egiten zuela eta hondarrera ardikitzen gaintuela. Gure aldean ikusten gintuen harkadi batzu, zoinen kontra uhin muthirituak orroa lazgarri batekin lehertzen baitziren. Orduan frogantzaz ezagutu nuen Mentorri ardura entzun nioena: gizon faun eta atseginetan pulunpatuei hesturetan bihotzak eskas egiten diotela. Zipriendar guziak, eroriak, ema batzu bezala nigarrez zauden. Ez nuen entzuten oihu urrikalkizunik baizen, biziko atseginen doluak, sakrifizio egiteko agintza alferrak jainkoei, portura heltzen ahal balin baziren. Ez manatzeko, ez egiteko nehork etzuen idukitzen aski adimendu. Iduritu zitzaudan nere bizia begiratzearekin batean bertze guziena begiratu behar nuela. Lema eskuratu nuen, zeren pilotoa, Bakanta baten pare arnoak nahasia, hesturaren ezagutzeko ez baitzen gai. Bihotz eman nioten saker izituei. Beheitiarazi niotzaten belak. Indar handi batekin arrauak erabili zituzten. Harkadien erditik iragan ginen eta hurbildanik ikusi gintuen herioaren lazgarritasun guziak.
Gertakuntza hori amets bat bezala iduritu zitzaioten bizia zor zerautaden guziei: behatzen zerautaden harridura batekin. Azkenean heltu ginen Ziprako irlara. (...)
Leihorrera bezain laster, oihan baten itzalgunean, nere ganik aparsko, ikusi nuen Mentor zuhurraren begitartea, bainan hunen bekundea hain hitsa, goibela eta garratza iduritu zitzaudan, non den gutiena ezin goihereatu bainintzen. Oihu egin nioen:
— Zu ote zara bada, oi nere adiskide maitea, nere peskiza bakarra? Zu ote zara? Zer bada! Zu bera ote zara? Ala itxura enganagarri bat heldu da nere begien burlatzera? Zu zara Mentor? Ala ez ote da zure itzala nere ondikoez oraino axolduria? Ez ote zara bere prestutasunaz gozatzen diren arima dohatsuetarik eta zoinei jainkoek Elizeko baratzetan atsegin garbiak emaiten baitiotzate bethiereko bake batean? Mintza zaite, Mentor. Bizi zara oraino? Zutaz gozatzeko aski zorion ote dut? Ala ez ote da nere adiskidearen itzal bat baizen?
Hitz hauk erraitearekin batean, guzia bozkariotan, hunen gana laster egiten nuen, hatsa galtzeko heineraino. Oi jainkoak! Badakizue nolakoa izan zen nere bozkarioa hauteman nuenean nere eskuek ukitzen zutela! «Ez, ez da itzal faun bat! Badaukat, besarkatzen dut. Oi nere Mentor maitea!». Hola egin nuen oihu. Hunen begitartea nigar zurrutaz bustitzen nuen. Hunen lepoari lotua nindagoen ezin mintzatu gabez.
Noizbait erran nioen:
— Oi! Nondik heldu zara? Zer hesturetan ez nauzu utzi nereganik urrunduz! Eta orai, zer egin niro zu gabe? (...)
Mentorrek ihardetsi zeraudan:
— Utzi behar zaitut, orai berean banoha. Ez naiz trikatzera haizu.
— Nora zoazi bada? —ihardetsi nioen—. Zein da leku ezin egona ni jarraikiren ez natzaitzuna! Niri espakatzerik ez dezazula uste izan. Lehenago hil nindaite zure urhatsen gainean.
Hitz horiek erraitearekin nere indar guziaz tinkaturik naukan. Erran zeraudan:
— Alferretan uste dukezu idukiren ahal nauzula. Metofiz krudelak etiopiar edo mairu batzuei saldu ninduen. Beren tratua zela medio, goan ziren Ziriako Damasera. Saldu nahi izan ninduten dirutze handi baten peskizan Azael deitzen den baten ganik, zeinak gathibu grek bat bilhatzen baitzuen Greziako azturak ezagutzeagatik eta gure jakitateez argitu nahiz. Haletan Azaelek karasti erosi ninduen. Gure azturez jakintsun egin dudanak eman dio lehia Kretako irlara iragaiteko, Minozen lege zuhurrak ikartzeagatik. Gure piaian Zipran leihorreratzea haizeek bortxatu gaituzte. Haize on baten haiduru, tenplora bere emaitzen egitera etorria da. Hara non ataratzen den. Haizeek deitzen gaituzte, jadanik betatzen dituzte gure belak. Adio, Telemake maitea, jainkoen beldurra duen gathibu bat zuzenki bere nausiari jarraiki behar zaika. Jainkoek ez naute gehiago uzten nere buruaren jabe. Baldin hala balin banintz, badakite, zurea nindaite bakarrik. Adio! Ulizen nekheez orhoit zaitezi, eta Peneloparen nigarrez. Jainko zuzenez orhoit zaitezi.
— Ez, ez —erran nioen—, nere Mentor maitea, ez da zure baitan izanen ni hemen bakarrik uztea. Lehenago hil ezenetz zu ikus ni gabe hemendik abiatzen. Nausi ziriendar hori urrikalmendurik gabekoa ote da? Tigrina baten ditiak zurgatu ote ditu haurrean? Nahiko ote zaitu nere besoen artetik irazi? Heriotzea eman behar deraut edo onhetsi behar du zuri jarraiki nedin. Zerorrek ihes egitez erraiten derautazu eta zure urhatsei jarraikiz ihes egin dezadan ez duzu nahi! Azaeli mintzatzera noha. Behar bada nere gaztetasunari eta nere nigarrei urrikalduren da. Zuhurtzia maite duenaz geroztik eta hain urrun haren bilha dohanaz geroz ez diro izan bihotz bat barbaroa eta samurtasunik gabea. Haren oinetara eroriko naiz, haren belhaunak besarkaturen ditut, ez dut abiatzera utziren non ez duen onhesten zuri jarraikitzea. Nere Mentor maitea, zurekin gathibu jarriren naiz. (...)
Ordu berean Azaelek Mentor deitu zuen. Ahuspez jarri nintzen haren aintzinean. Balditu zen hala ikusteaz ezagutzen etzuen arrotz bat.
— Zer nahi duzu? —erran zeraudan.
— Bizia —ihardetsi nioen—. Ezen, ez naite bizi, zurea den Mentor huni jarraik nedin ez balin baduzu onhesten. Ulize handiaren semea naiz. Hura da Troiesko hiri ederra, Asia guzian aipatua, herraustu duten Greziako erregetarik zuhurrena. Ez derautzut balenorioz erraiten nere sortzea, bainan bakarrik zerbait urrikalmendu nere dohakabetasunentzat ardiesteagatik. Bilhatu dut nere aita itsaso guzietan gizon hunekin, zeina bertze aita bat neretzat baitzen. Ondiko guzien gainditzeko, zoriak hau ere khendu deraut. Zure gathibu egin du. Onhets nazazu ni ere hala izan nedin. Baldin egia bada zuhurtziaren amodiorik baduzula eta Kretara zoazila Minoz errege onaren legeen ikastera, nere hasgorapenei eta nere nigarrei ez dezazula gogor zure bihotza. Errege baten semea ikusten duzu gathibutasunaren galdez bere azken iheslekua bezala. Bertze orduz Zizilian hil nahi izan dut gathibutasunari ihes egiteagatik. Bainan nere lehenbiziko ondikoak, zoriaren arbuioen haskuntza mendre bat baizik etziren. Orai nere beldurra da zure gathibuen artean ez hartua izaitea. Oi jainkoak! Ikus zatzue nere ondikoak. Oi Azael! Minozez orhoit zaitezi, zoinaren zuhurtasuna miresten baituzu eta zoinak Plutonen erresuman biak jujaturen baikaitu.
Azaelek begitarte ezti eta urrikalmendutsu batekin eskua hedatu zeraudan eta eraiki ninduen.
Erran zeraudan:
— Badakizkit Ulizen zuhurtzia eta prestutasuna. Ardura Mentorrek erran izan deraut zer ospetan jarri den greken artean, eta bertzalde haro lasterrak haren izena iguzki aldeko jendaia guziei entzunarazi du. Jarraiki zaite niri, Ulizen semea. Zure aita izanen naiz bizia eman derautzun hura edirenen duzun arteo. Zure aitaren ospeaz, haren dohakabetasunez eta zerorrenez ez balin banintz ere ukitua, Mentorrentzat dudan amodioak erakar nintzake zutaz arta hartzera. Egia da gathibu bezala erosi dudala, bainan adiskide zin bat bezala begiratzen dut. Hunentzat eman dudan diruak adiskiderik maitena eta prezagarriena eman deraut. Hunen baitan zuhurtzia ediren dut. Huni diot zor prestutasunarentzat dukedan amodio guzia. Ordu huntarik beretik libro da. Zu ere hala izanen zara. Batari eta bertzeari ez derautzuet bihotza baizen galdegiten.
Apur batez, atsekaberik minenetik, gizonak froga ahal dezakeien bozkalentziarik handienera iragan nintzen. Nere sor-lekuari hurbiltzen nintzen. Hartara bihurtzeko laguntza bat edireiten nuen. Prestutasunaren amodiorik garbienaz maite ninduen gizon baten aldean izaiteko atseginaz gozatzen nintzen. Azkenekotz oro edireiten nintuen, gehiago ez uztekotan Mentor edireitean.
Azael aintzinatzen da itsasoko legarraren gainean. Jarraikitzen gatzaitzo. Sakerek arrauez urratzen dituzte uhin deskantsuak. Haize arin bat gure beletan dostatzen da, ernatzen du untzia dena eta bizitasun ezti bat emaiten dio. Zipra laster suntsitzen da. (...)
Bidean, Azael eta Mentor eleztatzen ziren bothere lehenbiziko hartaz, zeinak egin baititu zerua eta lurra. Argi bakun hartaz, ezin mudatua eta zoinaren hedadurak zedarririk ez baitu. Guziei emaiten dena zatitu gabe. Egia nausi hartaz orotara hedatzen dena. Izpiritu guziak argitzen dituena, iguzkiak gauza guziak argitzen dituen bezala. Azaelek erraiten zuen:
— Nork ere ez baitu egundaino argi arraso hura ikusi, haina itsua da, sortzez itsu den bat bezala. Gau ilhun batean iragaiten du bere bizia, hala nola urteko zonbait hilabetez iguzkiak argitzen ez dituen jendaiak. Zuhur derauka bere burua, erhoa da. Oro ikusten dituela uste du, eta ez du deusere ikusten. Hiltzen da, nehoiz deusere ikusi gabe. Gorenaz zonbait distiradura ilhun eta faltsu ikusten ditu, itzal faun batzu, zonbait iduripen zinik deusere ez dutenak. Hola dira gizon guziak haragiaren atseginez eta izpirituko xarmadurez herrestatuak. Ez da lurraren gainean egiazko gizonik, bethiereko sentsu hura behartzen, maitatzen et hari jarraikitzen direnez kanpo. Hark ibentzen deraiku gure gogoeta onak, hark iroi egiten derauku gaixtoez. Adimendua eta bizia higual harenganik idukitzen ditugu. Argizko itsaso handi baten pare da. Gure izpirituak dira hala nola iturri ttipi batzu handik ilkitzen direnak eta hara bihurtzen direnak han suntsitzeko.
Nahiz ongi sar ez nindedin solas horien zuhurtasun handian, bizkitartean ez dakit zer garbirik eta gorarik hetan edireiten nuen. Su bat nere bihotzean ibentzen zuten. Eta egia distiratzen iduritzen zeraudan solas horietan orotan. Aintzina mintzatu ziren jainkoen ethorkiaz, gizon handiez, bertsulariez, urhezko mendeaz, uholdeaz, gizonkiaren hasteko iztorioez, ahantzpeneko hibaiaz, zeinetan pulunpatzen baitira hilen arimak, Tartaroko leze beltzean gaixtaginentzat bereziak diren sekulako oinhazeez, eta zorionezko bake hartaz, zeintaz justuak, gal beldurrik gabe, gozatzen baitira Elizeko baratzetan.
Azael eta Mentor mintzo zirelarik, delfin multzu bat ikusi ginduen ezkataz estaliak, zeinak urhez eta ostargizkoak iduri baitzuten. Dostatzean ura harrapoz betherik jauzarazten zuten. Heien ondotik heldu ziren Tritonak, zeinek turuta joiten baitzuten bere mazkor karabilatuekiñ. Amfitriten karrosa inguratzen zuten. Hura herrestatzen zuten itsas-zaldi batzuek elhurra baiño xuriagoak, zoinek, uhin gaziak urratzean, beren ganik urrun gibelat uzten baitzuten hildo luze bat itsasoan. Begietarik sua zarioten eta ahotik khea. Jainkosaren karrosa mazkor bat zen bilgura miretsgarri batetakoa. Iberak baino xuritasun distirantagoa zuen, eta arrodak urhez ziren. Karrosa harek itsaso deskantsuaren axalean hegaldaka zohala iduri zuen. Ninfa saihera bat, lorez koroatua, multzuan igerikatzen zen karrosaren gibelean. Heien ile ederrak sorbalden gainera dilindan zauden, eta haizeek beren gogara bulkatzen zituzten. Jainkosak esku batean zigor urhe bat ekartzen zuen tirainei manatzeko, bertzeaz belhaunen gainean idukitzen zuen Palemon jainko ttipia, bere semea, bulharrari lotua. Begitartea goiherea zuen eta supertasun ezti bat haize burgoiei eta kalerna beltz guziei ihes eragiten ziotena. Tritonek zaldiak bidatzen zituzten eta soka urheztatuak idukitzen. Purpurazko bela handi bat airatzen zen karrosaren gaineko aldean. Erdi hanpatua zen haize xume multzu baten bafadaz, zeinek egin ahalaz bulkatzen baitzuten beren hatsez. Airearen erdian ageri zen Eola, guzia hara-hunetan, khexu, sutan; haren begitarte zimur eta samurrak, haren boz mehatxagarriak, haren bekhein beltz eta dilindariek, haren begi su uher eta dorpe batez beteek, ixilik idukarazten zituzten ipar muthiriak eta hodoi guziak gibelat bulkatzen. Bale izigarriak eta bertze itsasoko mustroak, ur karatsa sudur mizpiretarik zurrustatzen zutela, lehen bai lehen beren harpe barrenetarik jainkosaren ikustera atharatzen ziren.
LAUGARREN LIBURUAREN AKABANTZA
BORTZGARREN LIBURUA
Gauza ikusgarri hortaz miretsiak egon ginen ondoan, Kretako mendiak abiatu ziren agertzen. Zeruko hodoietarik eta itsasoko uhinetarik oraino aski nekez berezten gintuen. Laster ikusi ginduen Idako mendiaren kaskoa, zeina irlako bertze mendien gainetik altxatzen baita, hala nola oreñ zahar batek oihanean ekartzen baititu bere adarrak, jarraikitzen zaizkon ume gazteen buruen gainetik. Emeki emeki garbikiago ikusi gintuen irlako leihorrak, zeinak bihurgunean begietara agertzen baitzeraizkigun. Zenbatenaz ere Ziprako lurra iduritu baitzeraukun artarik gabe eta larre utzia, hanbatenaz Kretakoa ageri zen nasaia eta fruitu guziez berregindua hango jendeen nekheen medioz.
Alde guzietan ikusten gintuen herrixka batzu ongi jarriak, herri batzu hiri eta hiri ederrenei higualtzen zirenak. Ez ginduen alhorrik edireiten non laborari ernearen eskuen hatzak etziren ageri. Orotan goldeak utzi zituen hildo luze batzu. Elhorriak, arranzeak eta lurra alferretan poxelatzen duten bertze basate guziak etziren leku hartan ezagutuak. Atseginekin begiratzen ginduen haran barrenei, zeinetan idi artaldeak orroaz baitzauden alhapide gizenetan, ur basterrean; zikiroei, goihen baten mazelan alhan zoazenak; elgi zabalei, estaliak ogi horituz, Zerez podorosaren emaitza aberatsak; azkenekotz mendiei, aihenez eta mahats mulko jadanik gorrituz berreginduak, zeinek biltzailei Bakuzen emaitza eztiak agintzen baitzaien gizonen grinen gozatzeko.
Mentorrek erran zeraukun Kretan bertze orduz izan zela eta argitu gaintuen berak zakitzan gauzez.
— Irla hori —zioen—, kanpotar guziez ederretsia da eta bere ehun hiriez aipatua. Errexki hazten ditu bere jende guziak ezin kondatuak diren arren, eta hori, zeren lurra ez baita behin ere unhatzen lantzen dutenen gainera bere onen ixurtzen. Ezin ahi daite haren sabel podorosa. Zenbatenaz ere baita jende gehiago toki batean, hanbatenaz, langileak balin badira, gozatzen dira nasaizia gehiagoz. Batzu bertzez ez dute zeren behin ere bekaiztu. Lurrak, ama on harek, bere dohainak nasaitzen ditu, lanaren kariaz, fruituak merezitzen duten bere haurren multzuaren arabera. Gizonen bethiereko gosea eta jaramankeria dira heien zorigaitzaren iturri bakarrak. Gizonek oro bereganatu nahi dituzte eta sobrakinaren lehiaz beren buruak dohakabetzen dituzte. Lañoki bizi nahi balute eta egiazko beharren sasiatzeaz askietsi, nasaizia, bozkarioa, bakea eta batasuna orotan ikus laitezte.
Hori Minozek, errege guzietarik zuhurren eta hoberenak ezagutu zuen. Irla huntan espantagarrienik ikusiren dituzun gauza guziak haren legeen ondoreak dira. Haurrak altxarazten zituen moldeak gorputzak sanho eta hazkar eragiten ditu. Laketarazten dira lehenik bizitze arront, zuhur eta langile bati. Ustez gozokeria guziek gorputza eta izpiritua guritzen duztela, etzaiote behin ere bertze atseginik aipatzen, ezenetz ospe handitan jartzea, eta prestutasunaren medioz ezin bentzutuak bilhakatzea. Ez da hemen bakarki bihotza emaiten herioaren arbuioan gerlako hesturetan, bainan oraino aberastasun sobra handien eta atsegin ahalkagarrien ostikatzean. Bertze jendaien artean egartzen diren hirur bizio gaztigatzen dira hemen: ezagutzagabetasuna, egoskeria eta jaramantasuna.
Handiratasunak eta nagikeriak ez dute zebatu beharrik, ezen Kretan ez dira ezagutuak. Han guziak lanean hari dira, eta nehork ez dute aberasterik amesten. Bat bederak bere nekeez bere burua askietsia derauka bizitze ezti eta begiratu batez, zeinetan egiazki premia diren gauza guziez bakean eta nasaizian gozatzen baita. Han ez da behar ez etxeko tresna balios, ez arropa berregindu, ez bazkari handi, ez jauregi urheztaturik. Arropak ile hautuzkoak dira eta karantza ederrekin, bainan higualak zeiherkadurarik gabe. Ontuntzak zuhurrak dira, arno gutirekin. Ogi ona parterik hoberena da, zuhainek berariaz bezala eskeintzen dituzten fruituekin eta artaldeen esnea. Gorenaz ere, han, zenbait haragi pozin onkailurik gabe jaten da, eta oraino, laborantzaren argiarazteko, artalde larrietan diren idirik ederrenak begiratzeko arta hartzen dutelarik. Han etxeak garbiak dira eta atseginak, bainan edergailurik gabe. Argindura superra ezagutzen dute, bainan jainkoen tenploentzat berezia da, eta gizonak ez laizte ausarta beren egoitzak izaitea, herioaren nausienen pare. Kretoarren ontasun handiak dira osagarria, indarra, bihotzoitasuna, etxe barneko bakea eta batasuna, herritar guzien libertatea, premiazko gauzen nasaizia eta sobrakinen arbuioa, laneko ohikuntza eta alferkeriaren higuintza, prestutasunean elkarren lehia, legeei amorra eta jainko zuzenen beldurkundea.
Galdegin nioen heia zertarainokoan zen erregeren eskundantzia, eta ihardetsi zeraudan:
— Nausitasun osoa badu bere azpikoen gainean, bainan nausitasun bera legeek badute haren gainean. Ongiaren egiteko indarrik hedatuenak baditu eta eskuak amarratuak gaizkia egin nahi duen ordu beretik. Legeek, populuak eskuetara emaiten diotzate, zaintzeko gauzarik baliosena bezala, bere azpikoen aita izaitekotan. Nahi dute gizon bakar bat bere zuhurtziaz eta begirakortasunaz hanbat gizonen zorionari zerbitza dedin, etez hanbat gizon, bakar baten urguiluaren eta faunkeriaren, bere erromeseriaz eta gathibutasun apalaz lausengatzeko zerbitza ditezin. Erregek ez du deusere behar bertzeek baino gorago, salbo bere eginbide nekhatuetan laguntzeko premia direnak eta populuei ibentzeko legeak ihardukarazi behar dituenaren ahalkea. Bertzalde, erregek behar du bertze nor nahik baino nagikeriaren etsaiago. Jan-edanetan, urguiluan eta handiratasunean begiratuago. Ez du bertze gizonek baino aberastasun eta atsegin gehiago behar, bainan zuhurtzia, prestutasun eta ospe gehiago. Kanpoan behar du herriaren begirale armadak manatuz, eta barnean populuen juje, heien on, zuhur eta dohatsu eragiteko. Jainkoek ez dute beretzat egin errege. Ez da hala populuen gizona izaitekotzat baizen. Populuei ditu zor bere asti guziak, bere arta guziak, bere amodio guzia, eta ez du erreginatzea merezi non ez duen bere burua ahanzten, bere buruaz arnegu egiteko populuen onaren gatik.
Minozek ez du nahikatu bere haurrak ondotik erregina zitezin, lege horien arabera erreginatzekotan baizen. Bere populua bere haurrak baino maiteago zuen oraino. Horrelako zuhurtziaz hanbat bothere eta zorion ibeni du Kretan. Begirakortasun hortaz itzali zuen gerlari handi guzien ospea, zeinek beren populuak zerbitzarazi nahi baitituzte beren handitasunari, erran nahi da, beren urguiluari. Azkenean, bere zuzentasunaz merezitu du ifernuan izaitea hilen juie soberanoa.
Mentorrek solas horiek ihardukitzen zituelarik, irlan leihorreratu ginen. Ikusi ginduen labirenta aipatu hura, Dedale antzosaren lana, Egiptoan ikusi izan ginduen labirenta handiaren idurian egina. Etxe ikusgarri hari begira ginaudelarik, ikusi ginduen itsas bazterra jendez estalia eta multzuan itsasotik hurbilsko zen toki batetara laster egiten zutela.
Galdatu ginduen heia zer zuten laster hura, eta huna zer erran zeraukun Nozikrate deitzen zen kretoar batek:
— Idomene, Dukalionen semea eta Minozen ilobasoa, Greziako bertze erregeak bezala, goan zen Troiesko sethiora. Hiri hura herraustu ondoan, untzietan abiatu zen Kretako aldera. Bainan kalerna bat hain muthiria altxatu zen, non haren untziko lema idukitzen zuenak eta itsasoetan ezagutza duten bertze guziek ere nofraia ezin bertzea zela uste izan baitzuten. Bat bederak ikusten zuen herioa begien aintzinean. Bat bederak itsasoko hondarrak ikusten zituen hurrupatzeko hirrikatuak. Bat bederak bere zorigaitzaz heiagora zuen. Etzuen ere xoilki igurikitzen ehortziak izanik, Stixa iragaiten duten itzalen pausu lastimatia. Idomenek begiak eta eskuak zerura goitituak othoitzen zuen Neptune. Oihu egiten zuen:
— Oi jainko botheretsua, itsasoetako erreinua idukitzen duzuna, dohakabe bat entzun dezazu! Haizeen oldarraren bortxa Kretako leihorrera helarazten balin banerauzu, agertuko zaudan lehenbiziko burua sakrifikaturen derautzut.
Bizkitartean, haren semea, lehen bai lehen bere aita ikusi nahiz, haren besarkatzera laster egiten zioen bidera. Dohakabea, bere galtzapenera laster egitea zela etzakiena! Aita, pesiatik begiratua, hanbat lehiatu portu hartara heltzen hari zen. Neptuni eskerrak bihurtzen zioizkien zeren entzun izan zituen haren botuak. Bainan laster ezagutu zuen zein ondikozkoak zitzaizkon bere botuak. Bere zorigaitzaren iduripen batek, hain guti umoturik egin zuen botuaz urriki samin bat ibentzen zioen. Bere herritarren erdira agertzeaz lazten zen eta ikaran zagon beldurrez ikus lurraren gainean zuen gauzarik maitena. Bainan Nemeziz krudelak, jainkosa urrikalmendurik gabea eta bethi gizonen eta bereziki errege superren gaztigatzeko erne dagoenak, ageri gabe, esku ondikozko batez bulkatzen zuen Idomene. Heltzen da. Begien altxatzera doi doia menturatzen da. Bere semea ikusten du. Lazturik gibelatzen da. Haren begiek bilhatzen dute, bainan alferretan, gutiago min egiten dioen bertze buru bat bitimatzat zerbitzatzeko.
Bizkitartean semea lepora jauzten zaio eta guzia harritua gelditzen da aitak hain gaizki ihardesteaz haren amodioari. Nigarretan urtzen ikusten du.
— Oi nere aita! —erraiten dio—. Zerk emaiten derautzu bihotzmin hau? Zer! Hain luzez urrundua egon ondoan urriki ote duzu bada zure burua berriz ikusteaz zure erresuman eta zure semearen bozkalentzia egiteaz? Zer egin dut? Ni ikus beldurrez begiak aldaratzen dituzu.
Atsekabean sartua, aitak etzuen deusere ihardetsi. Noizbait, hasbeherapen luze batzuen ondoan erran zuen:
— Oi Neptune! Zer agindu deraiat! Zer preziotan nofraiatik begiratu nauk! Bihur nezak uhin eta harkadiei, zoinek ni puskatzean, akabatu behar baitzuten nere bizi dohakabea. Utzak nere semea bizitzera. Oi jainko krudela! To, huna nere odola, horrena utzak.
Solas horiekin batean ezpata atara zuen bere buruari sartzeko, bainan haren inguruan zirenek, baratu zioten besoa.
Zofronime zaharra, jainkoen xedeen erraileak, seguratu zioen, bere semeari heriotzea eman gabe, Neptune askies zezakeiela.
— Zure agintza —zioen—, ez da umoa izan. Jainkoak ez dira gizon odolaz ohoratu nahiak. Zure agintzaren hogenari begira duzula eratxikitzetik haren bethatzea lege guzien kontra. Ehun zezen elhurra baino xuriagoak eskein zotzu Neptuni. Haren aldare, liliz khoroatuen inguruan ixur-arazazu heien odola. Jainko haren ohoretan altxaraz zazu isentsu goxo baten khea.
Burua beheititua eta ihardetsi gabe, Idomenek entzuten zituen solas horiek. Errabiak haren begietan argitzen zuen. Haren begitarte hitsa eta desegina noiz nahi mudatzen zen. Haren alderdi guziak ageri ziren ikaran. Bizkitartean semeak erraiten zioen:
— Huna non naizen, aita. Neptunen emarazteagatik, zure semea heriotzerat abian da. Ez dezazula haren hisia zure gainera bihur. Gogotik hilen naiz, nere heriotzeaz zuretik begiratua izanen zaituenaz geroz. Jo zazu, aita. Etzaitezila beldur izan nitan edireitea seme bat zutaz gai ez dena eta herioak izitzen duena.
Orduan Idomene, bere baitarik galdua, eta ifernuko fuliek toleiatzen balute bezala, hurbildanik begia idukitzen zioten guzien oharkabean, ezpata sartzen du haur haren bihotzean. Khea eta odola dariola atharatzen du bere buruari sartzeko. Oraino berriz lotzen zaitzo inguruan zituen jendeak.
Haurra bere odolean erortzen da. Heriotzeko lanbroez goibeltzen dira haren begiak. Argiari erdi-zabaltzen ditu, bainan hura ediren bezain laster ez diro gehiago jasan. Nola alhorren erdian Ama-lili eder bat, pikoiak bere erroan ebakia, iraungitzen da eta gehiago xutik ez dagoke. Ez ditu oraino galdu xuritasun bizi hura eta begiak zoratzen dituen distira hura, bainan ez du gehiago lurrak hazten, eta iraungi da haren bizia. Higual Idomenen semea, lili gazte eta samur baten pare, ebakia da bere haurtasunetik.
Aita, atsekabearen minenean, sorhaiotzen da. Ez daki non den, ez zer hari den, ez zer egin behar duen. Kordokan badoha hiriko aldera eta bere semea galdegiten du.
Bizkitartean populuak, haurrarentzat urrikaldua, aborritzen zuen aitaren egitate izigarria eta oihu egiten zuen jainko zuzenek fulien eskuetara eman zutela. Errabiak emaiten diotza harmak. Makilak eta harriak biltzen ditu. Makurrak bere pozoadura beltzaz bihotz guziak gaizkuratzen ditu. Kretoarrek, kretoar zuhurrek, hanbat maitatu duten zuhurtzia ahanzten dute. Ez dute gehiago Minoz zuhurraren ilobasoa ezagutzen. Idomenen adiskideek ez dute gehiago harentzat untzietan baizik salbamendurik edireiten. Harekin sartzen dira heien barnean eta uhinen gogara ihes egiten dute. Bere baitara itzuli zenean, Idomenek eskerrak bihurtzen diotzate zeren athara duten bere semearen odolaz busti duen lur batetarik eta zeintan gehiago ezin egon bailaite. Hezperiako aldera haizeek bulkatzen dituzte eta zalantindarren lurretan erresuma berri baten asentatzera badoazi.
Bizkitartean kretoarrek ez dute gehiago erregerik. Baten berezteko xedea hartu dute, zeinak oraiko legeak bere garbitasunean begiraturen baititu. Huna nola egin behar duten hautamen hori. Hemen bilduak dira ehun hirietako lehenbiziko guziak. Jadanik sakrifizioetarik hasi dira. Gizon zuhur aipatuen guziak inguruko lekuetarik bilarazi dituzte, manatzeko gai agertuko direnen zuhurtasuna ikar dezaten amoreagatik. Arrimatuak dira joko publikoak. Han gudukaturen dira erregetasuna nahi duten guziak, ezen erreinua saritzat eman gogo diote izpirituz eta gorputzez bertze guzien garhaitzaile berezten dutenari. Errege bat nahi dute gorputzean indar eta maina duena eta arima zuhurtziaz eta prestutasunaz berregindua. Hunat arrotz guziak deituak dira.
Iztorio harrigarri hori guzia kondatu ondoan, Nozikratek erran zeraukun:
— Oi arrotzak, laster egizue beraz gure bilkura Bertzekin gudukaturen zarete eta zuetarik bati garhaizia dohatu balin badiote jainkoek, haina leku hautan erreginaturen da.
Jarraiki gintzaizkon bentzutzeko lehiarik batere gabe, bainan xoilki hain sendagaila handiaren ikusteko nahikundeagatik.
Oihan handi batez inguratua den zirka zabal batera heldu ginen. Zirkaren erdian gudularientzat toki bat xuxendua zen. Inguruan, zohizko jarleku batzuen gainean ezin kondatuzko oste bat lerroka jarria bazagoen. Heldu ginenean, ohorezki errezibituak izan ginen, ezen kretoarrak dira populurik noblekienik eta artoskienik arrotzak errezibitzen dituztenak. Jarrarazi gaintuzten eta gonbidatu guduetara. Mentor bere adinaren gainean aitzakiatu zen eta Azael bere osagarri mendrearen gainean.
Ene gaztetasunak eta ene indarrak etzerautaden estakururik uzten. Halarik ere, begia eman nioen Mentorri haren gogoko berria jakiteagatik eta ezagutu nuen guduka nindedin nahi zukeiela. Onhetsi nuen beraz egina izan zerautan eskeintza. Nere arropetarik buluzi nintzen, olio gozo eta distirant batez gantzutu zuten nere gorputz guzia eta bertze gudularien artean nahasi nintzen. Alde guzietara hedatua izan zen Ulizen semea zela prezioa eraman nahiz etorria eta nere haur denboran Itakan izan ziren kretoar zonbaitek ezagutu ninduten.
Lehenbiziko gudua borroka izan zen. Hogoi eta hamabortz urtetako errodiendar batek aintzinera menturatu zitzaizkon guziak garhaitu zituen. Gaztetasuneko indar guzian zen oraino. Haren besoak zaintsuak ziren eta ongi haziak. Den gutiena higitzean haren zain guziak ageri ziren. Higual hazkar eta zalhu zen. Etzitzaioen iduritu garhaitua izaitea merezi nuela eta urrikariz begiratzen ziola nere adin guriari, nahi izan zen gibelat itzuli, bainan aintzinera jarri natzaioen. Orduan bata bertzeari lothu ginen. Hatsa gal arteraino elkar tinkatu ginduen. Sorbalda sorbaldaren kontra, zangoa zangoaren kontra, zain guziak tiran eta besoak sugeak bezala amarratuak, bat bedera, bere partidari lurra galarazi nahiz, bere egin ahal guziez bermatzen zen. Aldiz destatzen zen eskuinera bulkatuz, artearen atzamaitera, aldiz ezkerrera makurrarazi nahiz, egin ahalak bazaramatzan. Horrela haztakan hari zitzaudalarik, halako oldarrean bulkatu nuen, non haren erraiek amor eman baitzuten. Erori zen legarraren gainera, eta berekin eraman ninduen. Ni azpira beharrez alferretan bermatu zen, kantitu gabe nere azpian iduki nuen. Populu guziak oihu egin zuen: «Garhaizia Ulizen semeari!». Eta xutitzen lagundu nuen errodiendar ahalkatua.
Eskularruaren gudua gaitzagoa izan zen. Zamoztar aberats baten semea, gudu hartan ospe handitan jarria zen. Guziek nausi utzi zuten. Bakarra izan nintzen garhaitziaren irritsa zuenik. Hasteko, eman zerauzkidan behin buruan eta gero bulharretan odola goiti eragin zerautaden ukaldi batzu eta zoinek lanbro beltz batez begiak ilhundu baitzeraizkidaten. Kordokatu nintzen. Bulkatzen ninduen eta ez niron gehiago hatsik har. Bainan berriz sutan ezarri ninduen Mentorren bozak. Oihu egiten zeraudan:
— Oi Ulizen semea, garhaitua ote zindeke?
Errabiak indar berri batzu eman zeraizkidan. Hutsegin nintuen bentzutuko ninduten zonbait ukaldi. Zamoztarrak ukaldi huts bat ekarri bezain laster, haren besoa alferretan hedatzen zenean, makurtua zagoelarik joiten nuen. Jadanik gibelka zohan, eskularrua goititu nuenean indar gehiagorekin haren gainera erortzeko. Huts-egin nahi izan zuen eta kordokan jartzearekin lurrera ardikitzeko bidea eman zeraudan. Lurrera erori zen bezain laster eskua xutitzeko hedatu nioen. Altxatu zen bera herrautsez eta odolez betea. Haren ahalkea ezin gehiagokoa izan zen, bainan guduaren berritzera etzen ausartatu.
Berehala hasi zen karrosen lasterra, zoinak zortera emanak izan baitziren. Arroden arintasunez eta zaldien indarrez nerea txarrena gertatu zen. Abiatzen gara. Herrauts zirimola bat airatzen da eta zerua gordatzen du. Hastean bertzeak utzi nintuen aintzintzera. Lehenik Krantor deitzen zen lazedemoniar gazte batek guziak gibelean uzten zituen. Poliklete kretoarra hurbildanik jarraikitzen zitzaioen. Ipomake, Idomenen ahaideak, haren erreinuaren ondoregoaz lehia zuen. Sokak largaturik bere zaldiei, izerdiz khea zariotela, dena heien ilaia harroen gainera makurtua zohan eta haren arroden lasterra hanbatekoa zen non, airean dohan arrano baten hegalen pare, ez baitzuten higitzen zirela iduri. Nere zaldiak ernatu ziren, eta emeki emeki hatsera jarri. Hainbertze surekin abiatu zirenetarik guziak hurran gibelat utzi nituen. Ipomake, Idomenen ahaideak, bere zaldiak sobra bulkatzen zituen. Hazkarrena behaztopatu zen eta bere erorikoaz nausiari erreinuan irritsa galarazi zioen.
Polikletek, sobra makurtuz zaldien gainera, kordokaldi batean ezin iharduki zuen. Erori zen, sokak eskutik lerratu zitzaitzon eta sobra zorion herioari eskapa ahal izaiteaz. Krantorrek errabiazko begi batzuekin hurbil-hurbila nintzela ikusten ninduen. Erresumindurik bere sua, aldiz jainkoak othoizten zituen eta emaitza aberats batzu agintzen ziotzaten; aldiz bere zaldiei mintzo zen heien subermatzeagatik. Zedarriaren eta beraren artean iragan nindedin beldur zen, ezen nere zaldiak harenak baino hobeki begiratuak, haren aintzintzeko gai ziren. Niri bidearen zerratzea zuen bere azken giderra. Hartarakotz arroda zedarriaren kontra lehertzera destatu zen. Nahi bezala lehertu zuen. Haren nahasmenduan ez sartzeko inguruaren agudo egitera destatu nintzen eta apur batez mugaren buruan ikusi ninduen. Oraino behin populuak oihu egin zuen: «Garhaizia Ulizen semeari! Hori da jainkoek gure gaiñean erregiñatzeko berezten dutena!».
Bizkitartean kretoarretarik deitatuenek eta zuhurrenek, oihan zahar eta sakratu, gizon profanoen begietarik urrundua den batetara eraman gaiñtuzten. Han bildu gaiñtuzten Minozek populuen juie eta legeen zaiñ ibeni zituen zaharrek. Jokoetako gudulari berak giñen. Etzen bertze nehor harat haizu izan. Zaharrek Minozen lege guziak idukitzen dituen liburua zabaldu zuten. Ahalketua eta balditua nere burua ediren nuen hurbildu niñtzenean zahar hekiei, zoiñak adiñak, izpirituko indarrik gutitu gabe, ahalkezun eragiten baitzituen. Lerroan jarririk, geldi-geldiak zauden beren tokietan. Heien ileak xuriak ziren. Askok etzuten kasik batere. Heien bekunde umoetan zuhurtzia ezti eta deskantsu baten distiadura ageri zen. Etziren mintzatzera kexatzen. Etzuten erraiten erran behar zutela gogoan hartu izan zuten hura baizik. Gauza baten gainean etzitzaiotenean higual iduritzen, hain begiratuki egiten zuten xuritasuna, non guzien usteak higualak zirela iduriko baitzen. Iraganaren jakitate luzeak eta lanaren ohikuntzak asmu gorak emaiten ziotzaten gauza guzien gainean. Bainan huna zerk heien adimendua gehienik argitzen zuen: heien izpiritu deskantsatuak, lehia erhoei eta gaztetasuneko par guziei gaihenduak. Heien baitan bakarrik zuhurtzia zerabilan. Heien prestutasun iraunkorraren fruitua zen beren parrak hain ongi zebatu izaitea non errexki prezatzen baitzuten adimenduaren entzuteko atsegin gozoa eta noblea. Hekiei miretsia nindagoelarik, nahiko nukeien nere bizia labur ahal zitekedin, bat batean jausteko hain zahartze prezagarrira. Dohakabea edireiten nuen gaztetasuna hain lasterra izaiteaz eta hain urrundua hanbat prestutasun deskantsutik eta argitutik.
Zaharren aintzindariak Minozen legetako liburua ideki zuen. Liburu handi bat zen, arduraz urhe kopa batean baltsamuz estalirik egoten zena. Errespeturekin zahar guziek musu eman zioten, ezen erraiten dute jainkoen ondotik, zeinetarik heldu baitira lege onak, deusere ez dela hain sakraturik behar gizonei nola heien on, zuhur eta dohatsu eragiteko legeak. Nork ere populuen manatzeko eskutan baititu legeak, hainak bethi bere burua legeez manatzera utzi behar du. Legea etez gizona erreginatu nahi da. Hunelakoak ziren gizon zuhur heien solasak. Gero buruzagiak eman zituen hirur galde, zoinak Minozen erranetarik trenkatubehar baitziren.
Lehenbiziko galdea zen jakitea heia zein den gizon guzietarik libroena. Batzuek ihardetsi zuten, errege bat zela bere azpikoen gainean eskudantzia oso bat zuena eta garhaizia bere etsai guzien gainean. Bertze batzuek gizon bat zela, zioten, hain aberatsa, non bere nahikara guziak askies baizetzakeien. Bertze batzuek erran zuten gizon bat zela eskontzen etzena eta bere bizi guzia piaietan zabilana, behin ere nihongo legeei azpiratu gabe. Zenbaitek asmatu zuten gizon basa bat zela, oihanetan bere ihizitik biziz, lege eta behar guzietarik salbo zena. Bertze batzuek uste izan zuten gathibu bat zela, berriki libratua, zeren gathibutasuneko garraztasunetarik lekora, libertatearen gozoak nor-nahi-denek baino hobeki prezatzen baitzituen. Bertze batzuei azkenekotz gogoratu zitzaioten erraitea, hiltzera zohan gizon bat zela, zeren herioak guzietarik salbo ezartzen baitzuen, eta gizon guziek elkarrekin demendren eskudantziarik ez baitzuten haren gainean.
Nere aldia ethorri zenean, erraxki ihardetsi nuen, zeren ez bainuen ahantzi Mentorrek ardura erran izan zeraudana. Ihardetsi nuen:
— Gizon guzietarik libroena da, gathibutasunean berean libro izan daitena. Zein-nahi tokitan, zein-nahi heinetan gerta gaitezin, osoki libro gara jainkoen beldurra balin badugu eta bertze nehorrenik ez. Hitz batez egiazki libro den gizona da, beldur eta nahikari guzien axolarik gabe, jainkoen eta bere adimenduaren eskudantzia baizik ezagutzen ez duena.
Zahar guziak irri aire batekin elkarri begira jarri ziren eta nere solasa Minozen errana bera zela ikusteaz baldituak gelditu ziren.
Gero hunela emana izan zen bigarren galdea:
— Zein da gizon guzietarik dohakabeena?
Bat bederak gogora heldu zitzaioena erraiten zuen.
Batek zioen:
— Hura da gizon bat, ontasunik, osagarririk ez ohorerik ez duena.
Bertze batek erraiten zuen:
— Hura da adiskiderik ez duen gizon bat.
Zonbaitek erraiten zuten, hura zela gizon bat ikustate gabeko haurrak zituena eta haren odolaz gai etzirenak. Ethorri zen Lezbozeko gizon zuhur bat zeinak erran baitzuen:
— Gizon guzietarik dohakabeena da, bere burua hala deraukana. Dohakabetasuna ezik gutiago derraika oinhazeari berari ezenetz irakidurari, zeinarekin gure dohakabetasuna mintzen baitugu.
Solas hunen gainean guziak miretsirik mintzatu ziren. Laudoriorik baizik etzen, eta bakotxak uste izan zuen galde hartako prezioa Lezboztar zuhurrak eramanen zuela. Bainan nere ustea galdegin zerautaden, eta Mentorren sinesteen arabera ihardetsi nuen:
— Gizonik dohakabeena da errege bat, bertze gizonak dohakabe eraginez, bere burua dohatsu deraukana. Bere itsutasunaz bi aldiz dohakabe da, bere zorigaitza ez ezagutuz. Ez daite hartarik sendo eta hari ohartzeaz ere beldurti da. Egiak ez diro, lausengatzaileen ostearen artetik, hura ganaino biderik egin. Bere lehia burgoiez toleiatua dabila. Ez ditu bere eginbideak ezagutzen. Ez du egundaino ongiaren egiteko atsegina gozatu, ez etere frogatu prestutasun garbiaren maitagarritasuna. Dohakabe da eta merezi du. Egun oroz haren zorigaitza handitzen hari da. Bere galtzapenera lasterrean doha eta jainkoak akabantza gabeko gaztigu batez haren konfonditzera dohazi.
Lezboztar zuhurra bentzutu nuela guziek aitortu zuten eta zaharrek erran zuten, Minozen xede bera ediren nuela.
Huna zer izan zen hirugarren galdea:
— Zein da hobe, ala errege konkest egile, gerlan ezin bentzutu bat, ala errege bat gerlako jakitaterik gabea, bainan bakean bere azpikoak zuhurki argitzeko gai dena?
Gehienek gerlan ezin bentzu zaiten erregea zela hobe ihardetsi zuten ziotelarik:
—Zertako da bakean manatzen dakien errege bat, gerla heldu denean erresumaren begiratzen ez balin badaki? Etsaiek garhaituren dute eta haren azpikoak gathibu eraginen.
Zonbaitek bakezko erregea hobe zela erraiten zuten, zeren, gerlaren beldurrez, bere artez ihes eginen baitzioen. Bertze batzuek erraiten zuten, errege gerlari bat, berearen bezain ongi, populuaren ospearen hedatzera destaturen zela eta bere azpikoak bertze populuen nausi eraginen zituela. Bakezko errege batek ordean, nagitasun ahalkegarri batean idukiren zituela. Nere sinestea jakin nahi izan zuten. Hunela ihardetsi nuen:
— Edo gerlan edo bakean baizik manatzen ez dakien erregea, eta hein horietarik bietarik batean baizen bere populuaren erabiltzeko gai ez dena, erdizkako errege bat da. Bainan hurbiltzen balin baduzu gerlan baizik ez dakien errege bat, bertze errege zuhur bati, zoinak, gerlan jakin gabe, behar orduetan, bere azpiko aintzindariez gerlaren ihardukitzeko gai baita, hau hobe dela edireiten dut. Guziz gerlara bihurtua den erregeak bethi gerla nahi luke, bere ospea eta bere nausitasuna hedatzeagatik. Erromes eragin letzake bere azpikoak. Heientzat zer luke balio erregek bertze jendaiak bentzu ditzan, berak haren erreinuan dohakabe balin badira? Bertzalde, bethi gerla luzeek beren ondotik, hainitz nahasmendu dakarkete. Garhaitzaileak berak, biahorezko ordu hetan norabait barraiatzen dira. Ikus zazu Troiesen bentzutzea zer gosta zaikan Greziari. Hamar urtez baino gehiagoz bere erregeetarik gabetua izan da. Gerlaz bazter guziak sutan direnean, legeak, laborantza, antzeak iraungitzera daude. Gerla bati iharduki behar diotenean, erregetarik hoberenak berak bortxatuak dira gaizkirik handienaren egitera, zoina baita barraiaduraren jasaitea eta gizon gaizkinez zerbitzatzea. Zenbat gaixtagin ez da bakean gaztiga leiztekeienik eta zoinen ozartasuna sariztatu behar baita gerlako nahasmenduetan! Egundaino populu batek ez du errege gerlaririk izatu, haren anbizioneagatik hainitz jasaitekorik izan gabe. Gerlari batek, bere ospeaz zoratua, hurran populu bentzutuak bezenbat erromesten du bere populu garhaitiosa. Bakean premia diren jakitateak ez dituen erregeak, zorionez akabatua izan den gerla baten fruituak ez detzoke bere azpikoei gozaraz. Hura da hala nola gizon bat bere ontasuna hauzoenganik begiratzen dakiena eta heienez ere zuzen kontra jabe leitekena, ordean, uzten biltzeko, ez heien iraulden ez eraiten ez lakikena. Holako gizon batek iduri du, barraiatzeko, sakailatzeko, lurraren azpikoaz gora itzultzeko sortua, eta ez populu baten dohatsu eragiteko manamendu zuhur batez.
Goazen orai errege bakezkora. Egia da konkesta handiez ez dela gai, erran nahi da, ez dela sortua bere populuaren zorionaren asaldatzeko, zuzentasunak haren azpiko ezarri ez dituen populuak bentzutu nahiz. Bainan bakean manatzeko egiazki aiher balin bada, etsaietarik bere azpikoen begiratzeko premia diren antze guziak baditu. Huna nola: zuzena da, begiratua eta konpunkin bere hauzoen aldera. Ez du behin ere heien kontra deusere abiatzen bakea ezezta dezakeienik. Zin dago bere patuetan. Hauzoek maite dute, ez dira haren beldur, eta sineste oso bat haren baitan badute. Errege mugakide bat gertatzen balin bazaio nahasia, handiratia eta anbizionetsua, bertze guziak nahasi harentzat beldur dira eta bakezko erregearentzat bekaizgorik ez dute. Errege on hunekin batzen dira ez dedin zebatua izan. Bere zuzentasunak, fede onak eta begirakortasunak mugakide guzien juie egiten dute. Noiz-eta-ere errege anbizionetsua guziek higuin baitute, eta noiz-nahi-den haren kontra batera ditezin beldur izaiteko baitu, orduan bakezkoa bertze errege guzien aita eta begiralea bezala izaiteko ospearen erdian jarria dago. Horra zer onak dituen kanpotik.
Barnean gozatzen dituenak oraino solidoagoak dira. Bakean ongi manatzeko aiher denaz geroz, emaiten dut lege zuhurrenekin manatzen duela. Ebakitzen ditu handiratasuna, nagikeria eta jaidura tzarren lausengatzeko baizik ez diren antzeak. Egiazko beharrentzat balios diren antzeak argiarazten ditu. Ororen gainetik bere azpikoak laborantzari jarraikarazten ditu. Halaz, premiazko gauza guzien nasaizian ezartzen ditu. Populu nekhatzaile hura, bere azturetan lañoa, gutiz bizitzera ohitua eta laborantzan bere bizia errexki irabazten duena, ezin gehiago purpuratzen da. Hara erresuma hartan ezin kondatuzko populu bat, bainan populu bat, sasuala, hazkarra, bortitza, atseginek nagitu ez dutena, prestutasunari jarria, bizitze alfer eta atseginkari batentzat axolarik gabea, herioaz nardatzen dakiena eta zoinak nahiago bailuke hil, ezenetz, zuzentasunaren erregiñaraztera baizik destatua ez den errege zuhur baten azpian gozatzen duen libertate hura galdu. Gerlari mugakide batek akometa dezan populu hura, ez du behar bada aski trebatua edirenen kanpatzen, lerroka jartzen edo hiri sethiatzean, bainan ezin bentzutua edirenen du bere osteaz, bihotzaz, nekheen pairakortasunaz, lazeriaren egartzeko ohikuntzaz, indarraz guduetan, eta gertu gaixtoek berek bentzu ez diroten berthute batez. Bertzalde errege hura ez balin bada aski jakintsun berak bere armaden manatzeko, manamendua gai direnei emanen diote, eta bere eskudantziarik galdu gabe hetaz zerbitzatzen jakinen du. Bitartean bere adiskidetarik laguntzak ardietsiren ditu. Haren azpikoek nahiagoko dute hil, bertze errege muthiri eta zuzen konturik ez deraukan baten nausitasuna onhetsiren duten baino lehenago. Jainkoak berak haren alde gudukaturen dira. Ikusazue zonbat gider geldituren zaitzon hesturarik handienetan!
Nik diot beraz, gerlan ez dakien errege bakezko bat hainitz errege eskasa dela, ezagutzen ez duenaz geroztik bere eginbide handienetarik bat, zoina baita etsaien garhaitzea. Bainan oraino erraiten dut hainitzez gaihentzen dela errege gerlari bati, zoina gerlako baizen aiher ez baita eta bakean premia diren antzeak eskas baititu.
Ohartu nintzen hainitz bazirela bilkuan nere sinestea onhesten etzutenak, ezen gizon gehienak, zoratuak gauza ospetsuez, hala nola garhaiziez eta konkestez, hek hautatzen dituzte gauza laño, deskantsu eta solidoen gainean, hala nola baitira bakea eta populuen arteko manamendu zuhurra. Bainan Minozekin higual mintzatu nintzela zahar guziek agerritu zuten.
Zaharren buruzagiak oihu egin zuen:
— Gure irla guzian ezagutua den Apolonen erran bat ikusten dut bethatzen. Minozek galdegin zioen jainko hari heia noiz arteo haren ondoregoa erreginaturen zen ezarri zituen legeen arabera. Jainkoak ihardetsi zioen: «Hire haurrak erreginaturen dituk, hire legeen erreginaraztekotzat arrotz bat hire irlan sartu arteraino». Beldur izan ginen Kretaren zebatzera ethor zedin zonbait arrotz, bainan Idomenen zorigaixtoak eta Ulizen semearen zuhurtziak, zoinak edozein gizonek baino hobeki aditzen baititu Minozen legeak, erakasten deraukute jainkoaren erranen xedea. Zertako luzatzen dugu koroatzetik dohamenek emaiten deraukuten erregea?
BORTZGARREN LIBURUAREN AKABANTZA
SEIGARREN LIBURUA
Ordu berean zaharrak oihan sakratutik ilkitzen dira. Trenkadura jakin nahiz, jadanik populua khexatua zagoen. Buruzagiak eskutik hartzen nau, eta prezioa eman dudala banatzen dio. Hura mintzatu bezain laster oste guzia harramantz handi batean jarri zen. Guziak irrintzinaz eta oihuz abiatu ziren. Itsas bazterrak eta inguruetako mendi guziek ihardetsi zuten oihu hau: «Ulizen semea, Minozen iduria, kretoarren gainean erregina dadiela!».
Apur bat iguriki nuen, eta eskuz keinuka hari nintzen entzun nintzaten amoreagatik. Bitartean Mentorrek beharrira erraiten zeraudan:
— Zure sor-lekuari arnegu egin gogo diozu? Erreginatzeko lehiak ahantzaraziren ote deraitzu Penelopa, zeinak bere azken peskiza bezala igurikitzen baitzaitu eta Ulize handia, jainkoek bihurtu gogo zerautzutena?
Solas horiek bihotzeraino sartu zeraizkidan eta erreginatzeko lehia zoroari ihardukarazi zerautadaten.
Bizkitartean bilku biahoretsu hura ixiltasun handi batean jarri zen eta eman zeraudan hunela mintzatzeko bidea:
— Oi kretoar ospetsuak! Ez dut nik merezi zuen manatzea. Orai erreberritu duten Apolonen erranak irakasten du Minozen ondoregoa erreginatzetik geldituren dela, irla huntara arrotz bat ethortzen denean, errege zuhur haren legeak erreginaraziren dituenak. Ez da ordean errana arrotz hura erreginaturen dela. Nahi dut sinetsi ni naizela Apolonek aipatu arrotza. Haren errana bethe dut. Irla huntara ethorri naiz. Legeen egiazko xedea asmatu dut eta ongi nahi nuke nik eman dudan argia, hautatuko duzuen gizonarekin heien erreginaraztera zerbitza baledi. Nitaz den bezenbatean, Kretako ehun hiriak baino, erresuma eder huntako aberastasuna baino, nahiago dut nere sor-lekua, Itaka ttipi eta erromesa. Othoi, utz nezazue nere dohamenari jarraikitzera. Zuen jokoetan gudukatu balin banaiz, etzen hemen erreginatzeko irritsean, bainan bai zuen peretxuaren eta zuen urrikalmenduaren merezitzea gatik, eta nere sor-lekura bihurtzeko ahalak zuenganik ardiesteagatik. Nahiago dut Ulize nere aitaren eskupean bizi eta Penelopa nere amaren gozagarri izan, ezenetz lurreko jendaia guzien gainean erreginatu. Oi kretoarrak! Ikusten duzue nere bihotzaren erdia. Utzi behar zaituztet, bainan herioak bakarrik iraungiko du nere ezagutza. Bai, azken hatseraino Telemakek maitaturen ditu kretoarrak, eta heien omenari ber-bereari bezain ontsa begiraturen dio.
Ni mintzatu bezain lazter, bilkuan altxatu zen haro-burrunba bat, kalernetan itsasoko uhinek elkar joitea egiten duten bezalakoa. Batzuek erraiten zuten:
— Jainko bat ote da gizon itxuraren azpian?
Bertze batzuek ihardukitzen zioten bertze tokitan ikusi nindutela, eta ezagutzen nindutela. Zonbaitek oihu egiten zuten:
— Hemen erreginatzera bortxatu behar da!
Azkenean hartu nuen berriz solasa, eta bakotxa lehiarik ixildu zen, ez jakinez heian hartuko ote nuen behin nahi izan ez nuena. Huna zer erran nioten:
— Oi kretoarrak! Etzaitzuela gaitzi nik gogoan dudana erraitea. Populu guzietarik zuhurrenak zarete, bainan zuhurtziak, nere iduriz, galdegiten du ohartzen etzaitzuen kontu bat. Hautatu behar duzue ez legeen gainean umokienik mintzo den gizona, bainan hek berthute iraunkorrenarekin begiratzen dituena. Ni gazte naiz, eta beraz deus guti ikusia, lehien oldarrari paratua, eta orai manatzeko baino, hein hobean manamenduaren azpian argituz, ondoan nerorrek manatzeko. Ez dezazuela beraz gizon bat bilha, bertzeak gorputzeko eta izpirituko mainetan garhaitu dituena, bainan bai bere burua bentzutu duena. Bilha zazue beraz gizon bat zuen legeak bihotzaren erdian iskribatuak derauzkana eta lege hek bizi guzian begiratu dituena. Bere egintzen gatik hautazazue etez bere elheen gatik.
Zahar guziak nere solasez hartuak zauden, eta ikusirik bilkuaren laudoriozko oihuak geroago eta gorago zoazela, erran zerautaden:
— Gure baitan zure erreinuaren ikusteko peskizarik jainkoek uzten ez deraukutenaz geroz, lagun gaitzazu bedere errege baten edireiten, zoinak gure legeak erreginaraziren baititu. Behar den begirakortasun harekin manatzeko gai den norbait ezagutzen duzu?
Kuxean ihardetsi nioten:
— Ezagutzen dut gizon bat zoiñaren ganik idukitzen baititut nere baitan prezatu ditutzuen gauza guziak. Haren zuhurtzia mintzatu da etez nerea. Ihardetsi ditudan gauza guziak hunek nere baitan ibeniak ziren.
Ordu berean, eskutik naukalarik Mentor, bilkuari erakusten nioen eta guzien begiak hunen gaiñera bihurtu ziren. Erraiten nuen zonbat arta izan zuen nere haurtasunaz, zonbat hesturetarik athara ninduen eta hunen erranei jarraiki ez niñtzen ordu beretik zonbat ondiko erori ziren nere gaiñera.
Hastean etzen behatua izan bere arropa arront eta lañoak gatik, bere egoiteko molde begiratua gatik, bere kasik kontinoko ixiltasuna gatik eta bere begitarte hotz eta begiratua gatik. Baiñan ez dakit zer bihotzoirik eta goihenik agertu zitzaioten hunen begitartean, kontuz begiratu ziotenean. Ohartu ziren hunen begietako bizitasunari eta zer bipiltasunekin egiten zituen gauzarik ttipienak. Asko galde egiñ ziotzaten. Guziak espantiturik gelditu ziren. Errege egiteko xedea hartu zuten. Bere burua deskantsuki aitzakiatu zuen. Erran zioten, bizitze arrontera baten gozoak nahigo zituela, ezenetz erreiñuko distiadura. Erregerik hoberenak dohakabe zirela zeren kasik behin ere etziroten egiñ nahi luketen ongia, bai ordean, ardura, lausengatzaileen enganioz, nahi ez luketen gaizkia. Erran zuen oraino baldin gathibutasuna arbuiagarri bazen, erregetasuna etzela gutiago, gathibutasun itxuraz ukatu bat zenaz geroz.
— Errege denean —zioen—, manamenduen ihardukaraztekotzat behar diren gizon guzien menjorian izaiten da. Dohatsuak manatzera bortxatuak ez direnak! Gure sor-lekuari baizen ez diogu zor, manamendua eskuetan emaiten deraukunean, gure libertatearen sakrifizioa, gero guzien onari destatzeko amoreagatik.
Orduan Kretoarrek, beren harriduratik ezin atharaz, zer gizon hautatu behar zuten galdegin zioten.
— Gizon bat —ihardetsi zuen—, ongi ezagutzen zaituztena, manatu behar zaituztenaz geroz, eta zuen manatzeko beldur dena. Erregetasunaren lehia lukeienak, zer den ez daki, eta hartako eginbideak nondik bethako ditu, ez dituenaz geroz ezagutzen? Hark bere gatik bilhatzen du, eta zuek, zuen amoreagatik baizen harturen ez duena nahi behar zindukeie.
Kretoarrak ezin gehiago harritu ziren ikusteaz bi arrotz nahi etzutenak erregetasuna bertze hanbatek bilhatzen dutena. Norekin ethorri ginen nahi izan zuten jakin. Nozikratek, portutik haraino lagundu gaintuenak, Azael erakutsi zioten, zeinarekin Zipratik ethorri izan baikinen. Bainan heien harridura etzen gutiagoa izan, jakin zutenean Mentor Azaelen gathibu izana zela. Azaelek bere gathibuaren zuhurtziaz eta prestutasunaz ukiturik, bere kontseilari eta bere adiskiderik hoberena egin zuela. Gathibu libratu hura bera zela erregetasuna nahikatu etzuena, eta Azael, Damas Ziriakotik etorria zela Minozen legeez argitzeagatik, hain zen haren bihotza zuhurtasunaren amodioz bethea.
Zaharrek Azaeli erran zioten:
— Gure manamendua har dezazun ez gara zure othoiztera menturatzen, ezen Mentorren gogo berak dituzula iduritzen zerauku. Gizonentzat sobra arbuio dukezu heien manatzera jarri nahi izaitekotzat. Bertzalde aberastasunez eta erregetasuneko distiaduraz axola gutiegi dukezu distiadura hura erosi nahi izaitekotzat populuen manamenduak dakarken endresuez.
Azaelek ihardetsi zuen:
— Ez dezazuela usten izan, oi kretoarrak, gizonak arbuiagarrri zeraizkidala. Ez, ez. Heien on eta dohatsu eragitera destatzean badakit zenbat handiratasun den. Bainan hainitz nekhe eta ateka lan hortan bada. Horri darraion distiadura ez da zina eta izpiritu zoroak baizen ez ditzake lilura. Bizia laburra da. Handiratasunek sasia diroten baino gehiago kilikatzendituzte lehiak. Hain urrundik ethorri naiz itxurazko ontasun hetaz iragaiten ikastera, etez heien bilha. Adios. Nere xede guzia bizi deskantsu eta urrundu batera itzultzekoa da, zeinetan zuhurtziak nere bihotza mantena dezan eta zeinetan prestutasunak hil ondoan bertze bizi hobe batetako emaiten dituen peskizek, zahartzeko nahigabeak goza deitzadaten. Baldin zerbait nahi izaitekorik banu, ez laite errege izaitea, bainan ikusten dituzuen bi gizon hauetarik behin ere ez partitzea laite.
Azkenean, kretoarrek, Mentorri mintzo zirelarik, oihu egin zuten:
— Oi gizonetarik zuhurrena eta handiena, errazaguzu bada nor hauta dezakegun erregetzat. Zer hautu egin behar dugun erakutsi gabe, etzaituztegu abiatzera utziren.
Ihardetsi zioten:
— Bertze ikusle guzien erdian nintzelarik, gizon bati ohartu naiz, zoinak surik batere erakusten ez baitzuen. Adineko gizon bat da, oraino aski bizkorra. Galdegin dut heia nor zen gizon hura. Aristodeme deitzen dela ihardetsi derautade. Gero entzun dut erraiten ziotela bere bi semeak gudularietan zituela. Hartaz atseginik batere bazuela ez du agertu. Erran du batarentzat erregetasuneko lanjerak ez dituela lehiatzen, eta sobra duela maite bere sorlekua bertzea erregina dedin behin ere onhestekotzat. Solas horietarik ezagutu dut aita hark amodio zuhur batez maite duela bere ume prestua eta bertzeari ez diola bere barraiaduretan lausengurik emaiten. Nere jakin-nahia tirriatuz, galdegin dut zer izan den gizon zahar haren bizia. Zuen herritar batek ihardetsi deraut: